Olatuak Bermeon, iazko urtarrilean
Gaur eguerditik bihar gauerdira arte aktibatua zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja, baina, jakinarazi duenez, laranjatik horira jaitsi dute, azkenean ez baitira olatu hain handiak espero. Gauerdira bitartean 4-5 metrora arteko olatuak izango direla zehaztu dute, eta gauza bera espero dute gauerditik 06:00etara arte ere. Ordutik aurrera, ordea, horitik laranjara aldatuko dute alerta egoera, olatuak handitzen joango baitira 00:00etara bitartean. Hain zuzen, bihar arratsaldean eta gauean sei edo zazpi metrora arteko olatuak izan daitezke. Alerta laranja eguaztera arte luzatuko da.
Egoera kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzak zenbait gomendio jarraitzeko eskatu die herritarrei. Hala, prebentzio neurri gisa itsasoan bainurik ez hartzeko, uretako kirolik ez praktikatzeko eta itsasontzian ez ibiltzeko eskatu du, besteak beste. Halaber, itsasontziak ondo amarratuta daudela egiaztatzeko eskatu die jabeei.