Olatuak Bermeon, iazko urtarrilean
Gaur eguerditik bihar gauerdira arte aktibatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja. Izan ere, Euskalmetek aurreikusten du zazpi metrora arteko olatuak egon daitezkeela. Hala ere, “kostaldeko inpaktuari baino, nabigazioari eragingo dio gehien bat alertak, mareak ez dira-eta bereziki biziak izango”.
Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, “Atlantikoan olatualdi bizi bat sortzen ari da, Britainia Handiko kostalderantz doan beheragune sakon baten eraginez”. Gaurko eguerdi partean olatuen altuera adierazgarriak 5 metroak gaindituko dituela dio Euskalmetek, “batez ere hondoko itsasoa dela medio, eta 6 metro izatera ere irits litezke”. Bihar “are handiagoa izango da olatuen altuera adierazgarria, 6-7 metroen inguruko balioak harturik. Nolanahi ere, urtarrilaren 6ko azken orduan olatuen altuera adierazgarriak 4 metro inguru izango dituela estimatu da”. Datozen egunotan euriteak eta mendebaldeko haizeteak espero dira. Tenperaturek behera egingo dute, bereziki bihar eta etzi.
Egoera kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzak zenbait gomendio jarraitzeko eskatu die herritarrei. Hala, prebentzio neurri gisa itsasoan bainurik ez hartzeko, uretako kirolik ez praktikatzeko eta itsasontzian ez ibiltzeko eskatu du, besteak beste. Halaber, itsasontziak ondo amarratuta daudela egiaztatzeko eskatu die jabeei.