19. postuan bukatu du Txomin Aranak Dakarreko 2. etapa
Zapatuko prologoan lortutako 12. postuari esker, leku horretatik hasi du Aranak aurtengo Dakarreko 2. etapa. Atzo ziren lehiatzekoa lasterketako lehen etapa, baina eguraldi kaxkarra zela eta, bertan behera utzi zuten Rosario eta Villa Carlos de Paz arteko ibilbidea. Azken leku horretatik hasi dute, beraz, gidariek gaurko etapa.
Gaur ere, eguraldi txarra tarteko, erabakiak hartu behar izan dituzte antolatzaileek, eta, hala, etapa berezia murriztu dute. Azkenean, zortzi puntutatik igarota, 450 kilometro egin behar izan dituzte moto gidariek; tartean, ereñarrak.
Ibilbidea burututa, sailkapeneko 19. postua eskuratu du bertoko moto gidariak. Hain justu, 03:55:45eko denbora behar izan du aipatu ibilbidea egiteko; alegia, etapa irabaztea lortu duen Toby Price australiarrak baino 9 minutu eta 21 segundo gehiago. Postu hori lortuta, sailkapen orokorrean 18. da, gaur gaurkoz.
Bigarren etapa horretan, Portugaleko Ruben Fariasek egin du bigarren, eta Eslovakiako Stefan Svitkok, aldiz, hirugarren. Hain zuzen, 03:46:44 eta 03:47:52ko denbora behar izan dute etapa hasi eta bukatzeko, hurrenez hurren.