Eguazteneko osoko bilkura
Ez ohiko osoko bilkura egin zuten atzo goizean, eta alkatearen liberazioa eztabaidatu eta onartu zuten, EAJ, Izartu Bermeo eta EH Bilduren botoekin. Hala ere, oposizioan dauden EAJ eta Izartu Bermeok diote orain arteko egoera irregularra izan dela; hori dela eta, agintaldi honetan jaso duen soldata bueltatzeko eskatu diote alkateari.
Tentsioa nabari zen bilkuran, eta, gehienbat, bi ikuspuntu ezberdin eztabaidatu zituzten talde politikoek. Alde batetik, EH Bilduk defendatu zuen alkatea dagoeneko liberatua zegoela. Udalbatzarra amaitu ondoren emandako prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek esandakoaren arabera, «ni ahultzeko estrategia bat da EAJ gai honekin darabilena, eta ez dakigu plataformak zergatik sartzen diren joko horretan». EH Bilduko alkatearen hitzetan, «joko politikoan dabiltza, EUDELek 2.000 biztanle baino gehiago dituzten herriek alkatea liberatua izatea adostua baitauka».
Oposizioaren kritika
Oposizioan dauden EAJ eta Izartu Bermeoren iritziz, baina, alkatea ez zegoen liberatua, eta soldata irregularki kobratzen egon dela diote. EAJren zinegotzi Aritz Abaroa pozik agertu zen adostutakoarekin, eta, bere hitzetan, «legea betetzera derrigortu dugu alkatea, orain arte ez baitu bere liberazioa osoko bilkuran aurkeztu». Gainera, jarrera antidemokratikoa izan dutela deritzo, eta errespetu falta bezala hartu du EAJk EH Bilduren jokabidea.
Guzanek bilkura utzi du
Bestalde, Guzan Mugimenduko zinegotziek atzo eztabaidatu zituzten puntuei buruzko iritzia eman zuten, eta, ondoren, udalbatzarrean ez parte hartzea erabaki zuten. Beraien esanetan, gai horri buruz aurkeztu izan dituzten alternatibak eta irtenbide duinak baztertuak egin dituzte. «EAJren ustez, guk proposatutakoak EH Bilduren tranpa estaltzen zuen, eta EH Bilduk ez zuen irtenbide baten beharrik ikusten», Guzanen arabera.
Udalean ordezkaritza duten alderdi nagusiek konfrontazio politikoa antzeztu eta alderdikerira jo nahi dutela gehitu zuten herri plataformako kideek. Hala ere, itxaropentsu agertu dira arazoa konpontzeko hasiera batean guk planteatu dugun alternatibaren bidetik irtenbide bat bilatzeko borondatea egon delako.
EAJk, bere aldetik, hurrengo urtean soldata berrikusteko eskatu zuen prentsaurrekoan. Jeltzalearen esanetan, orain arteko soldatak ez lituzke kobratu behar izango; beraz, jasotakoa bueltatzeko eskatu du.
EH Bilduk ere prentsa agerraldia egin zuen udalbatzarraren ostean, eta oposizioko taldeen jarerrarekin min hartu zuela agertu zen Idurre Bideguren. Alkate eta pertsona moduan «minduta» dagoela esan zuen, «mingarria eta lotsagarria delako horrela ibiltzea». Bere iritziz, ideologien gainetik, pertsona moduan nolakoak diren erakutsi dute.
EH Bilduren esanetan, legez onartuta dago alkatearen liberazioa, aurrekontuetan agertzen delako. «Bermeoko alkateak aurreko agintaldian onartutako dietak kobratzen ari zarete, eta horregatik ez da osoko bilkurarik egin», gogorarazi zien oposizioko zinegotziei. Gainera, lan egiten duenak soldata bat kobratzeko eskubidea daukala adierazi zuen.
Bilkuraren amaieran azken lau urteak zailak izan direla gogorarazi zuen alkate abertzaleak;«agintaldi hau horrela hasiz gero, ez dakit zelan bukatuko dugun», esan zuen. EAJ, aldiz, pozik agertu zen hartutako erabakiagaz. Aritz Abaroaren esanetan, «gauzak ez dira ondo egin, eta egoera hau behartu dugu eztabaida sortzeko».