Busturiko udaletxea
Busturiko alkate ohi eta gaur egun EH Bilduren zinegotzi Andoni Elorrietak nekatuta dagoela adierazi du Erroxeli Ojinagak bere garaian artikulu desberdinetan egindako akusazioen kasuan. Epaileak Ojinagaren aurka egindako salaketa artxibatu ondoren, bere burua «galtzaile» kontsideratzen du Elorrietak, «salaketa irabazi izan balu ere».
Artikulu horietan argitaratzen zenaren arabera, «adiskideen artean mesedeak egiteko alkate eta zinegotzi karguaz baliatu izana» leporatzen zion Erroxeli Ojinagak. Andoni Elorrieta nekatuta agertu da egoera horregaz, eta dioenez, «desgaste pertsonal bat da hau guztia, eta beste urte pare bat sufritzen pasatu beharko ditut». Pairatzen ari zen egoeraren aurrean berak ez zuela salaketarik jarri nahi azaldu du, baina alderdiaren lana ere zalantzan jartzen zenez, epaitegietara jo zuen. «Gauza hauetara ohitua nago», esan du, eta, «gainera, egunkariek ahotsa ematen badiote besteak esandakoari gehiago kaltetzen nau»,gaineratu du alkate ohiak.
Erroxeli Ojinaga ezker abertzaleko kide zenean hasi zen hika-mika, Elorrietak dioenez. Garai haretan, Elorrieta eta Ojinaga alderdi kideak ziren, baina diru kontuekin izandako arazo batzuk tarteko, Ojinaga kanporatu egin zuten. «Berak bere garaian egin zuena niri leporatzen dit», gehitu du. Gainera, esan dituen datuak ezeztu nahi izan ditu: «Berak dio DIN A3an egindako planoak nituela, eta hori ezinezkoa da. Ez dago tamaina horretako planorik Busturiko udaletxean, DIN A0an daude denak». Ojinagak kanporatua izatearen errudun bera kontsideratzen duela argudiatu du Elorrietak, eta, horregatik idazten duela bere aurka. Ojinagak egindako «salaketa larriak» zirela eta, horiek gaitzesteko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, «Busturiko Udalaren lanarekiko mesfidantza eta susmo txarrak zabaltzen saiatu zela» iritzita. Mozio hori osoko bilkuran onartu zuten, EAJren abstentzioagaz.