Herenegun 27-21 nagusitu ziren Urbietan.
Etxekoak aurreratu ziren markagailuan; 4. minutuan Morganen entsegua Sebas-ek transformatu zuen. Hasierako minutuetan basurdeek partida kontrolpean izan zuten.
14. minutuan 7-0-eko markagailua berdintzea lortu zuen Hernanik. Jokaldi bizkor batean entsegua lortu, eta Genuak transformatu zuen.
Ondoren, Jamie Verranek eta Martinek jokaldi bikaina gauzatu zuten, eta Sebastian Berterok Souvilleren entsegua transformatzea lortu ez bazuen ere, jokaldi horri esker, berriro ere, markagailuan aurretik zen etxeko taldea: 12-7.
Genuak aldea apur bat murriztea lortu zuen (12-10), baina, handik hiru bat minutura, Berterok beste kolpe bat transformatzea lortu eta bost puntuko aldeagaz jarri ziren.
35. minutuan Maurok entsegua egin eta Berterok transformatu zuen. Hala, 22-10-eko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian Gernika Rugby taldeak bi minututan bi entsegu egin zituen, baina epaileak baliogabetu egin zituen. Baina, handik gutxira etorri zen basurdeen laugarren entsegua, Juan Pablo Pietrelliren eskutik. Berterok ez zuen transformatzen asmatu, baina, markagailuan zuten aldea handitzeko balio izan zien: 27-10.
Gero, hamar minututan Souville, Morgan eta Zabaloy basurdeei txartel horia atera zien epaileak.
Genuaren trebetasunari esker, Hernanik puntuak pilatzen jarraitu zuen, eta partidako azken jokaldian ere hura izan zen protagonista. Hala ere, hori ez zen nahikoa izan, eta basurdeek merezitako garaipena lortu zuten.
Gabonetako atsedenaldia
12. jardunaldia jokatu ostean, ia hilabeteko atsedenaldia dute Ohorezko Mailan. Urtarrilaren 17an ekingo diote berriz lehiari.
Basurdeak, etxetik kanpo, Pozueloren kontra jokatuko dute 13. jardunaldian. Pozuelo da sailkapeneko azkena bost puntugaz. Gernika Rugby taldeak, ostera, hemezortzi puntu ditu eta hamargarrena da. Puntu bat gutxiagogaz hamaikagarren dago FC Barcelona. Bestalde, sailkapeneko gorengo postuei dagokienez, 44 puntugaz El Salvador da lider, eta puntu bat gutxiago du VRAC-ek. Santboiana da hirugarrena 42 puntugaz.