Artxiboko irudia.
Etxeko taldea indartsu zelairatu zen herenegun, eta partidaren lehenengo hamar minutuetan Altamira Gernikaren atezainak lana izan zuen aurkariaren arrisku jokaldiak gelditzen.
Talde gernikarra ez zen fin aritu lehen zatian, eta Amorebietak minutuak aurrera egin ahala intentsitatea jaitsi arren, 38. minutuan heldu zen Urritxeko taldearen gola. Gernikaren defentsaren hutsegiteari esker, Ibaik ez zuen arazorik izan Muniozgurenen pasea jaso, eta gola sartzeko.
Atsedenaldiaren ostean, partida berdintzeko helburuagaz zelairatu ziren gernikarrak. Zenbait gol aukera izan zituzten, esaterako, Kevinek eta Landerrek, baina, ez zuten ate barruan asmatu. 90. minutuak beteta Etxabe ere gola egiteko zorian egon zen, baina, Amorebietaren atezaina adi zegoen, eta baloia hanketatik kendu zion.
Lehen itzuliko azken jardunaldia
Bigarren B mailako taldeek astebeteko atsedenaldia dute Gabonetan, eta hurrengo partida urtarrilaren 3an jokatuko dute Sestao Riverren kontra, Urbietan. Hain zuzen ere, lehen itzuliko azken neurketa izango da.
Gaur gaurkoz, Gernika Bigarren B mailako bigarren multzoko sailkapeneko hamabigarrena da, 22 puntugaz. Sestao River hurrengo aurkaria, 24 puntugaz zortzigarrena da.
Sailkapeneko goikaldean, Barakaldok lidertzari eusten dio, 41 puntugaz. Bost puntu gutxiago ditu RM Castilla bigarrenak, Real Union hirugarrenak 33 puntu ditu, eta 31 puntugaz Amorebieta da laugarrena.