Sotapatroi proiektuak haartu du lehen saria
Elai-Alai aretoan egin dute sari banaketa, eta Busturialdeko II. Enpresa Ideien Lehiaketara aurkeztu diren lan denetatik hiru saritu dituzte. Sotapatroi proiektuak hartu du sari nagusia, 3.000 eurokoa. Aisialdirako itsasontzietan segurtasuna hobetzen duen sistema bat sortzea du helburu proiektu horrek. Patroiak eskumuturrean eramango lukeen pultsera bat litzateke oinarria. Pultsera horrek seinale bat igorriko luke eta, patroia uretara eroriz gero, seinalea emititzeari utziko lioke, ontziaren motorra amatatuz. Iban Bilbao eta Igor Etxaburu bermeotarrek garatu dute ideia.
Bigarren saridunek, aldiz, arrantzarako erabiltzen diren sareekin produktu eta proiektu berriak egin ahal izatea proposatzen du; itsas-hamakak edo sare-arkitektura diseinu berriak esaterako. Isabel Olalla eta Naroa Oleaga mundakarrak eta Ekaitz Goienetxea bermeotarrak dira ideia hori garatu dutenak, eta 2.000 euro jaso dute.
Azkenik, lehen sektorearekin zerikusia duen ideiarik onenaren saria hartu du Urdaibarraski proiektuak. Barraskilo granja bat sortze du helburu proiektu horrek, barraskilo freskoa, ontziratutakoa eta barraskilo kabiarra saltzeko. Xabier Garabiota eta iñigo Aranburu bermeotarra dira proiektuaren egileak, eta 1.000 euro hartu dituzte.
Guztira, 15 proiektu aurkeztu dituzte aurten Busturialdeko II. Enpresa Ideia Lehiaketara.