Hilaren 28an emango du Axi Muniain surflariak berbaldia Bermeon
Axi Muniain surflariak Bermeo bisitatuko du aurki, bere esperientziak bertaratzen direnen artean zabaltzeko. Gipuzkoarra datorren martitzenean, abenduaren 22an, zen berbaldia Bermeon ematekoa; hala ere, Gazteentzako Informazio Zerbitzutik jakinarazi dutenez, data aldatu, eta hilaren 28an jarri dute hitzordu berria.
Hala, egun horretan, olatu erraldoietan aditua den surflariak bere esperientziak kontatuko ditu, bideo proiekzio baten laguntzaz; izan ere, hainbat dira Muniainek bizitakoak: Marokon gauez surfeatzen aritutako momentuak, kosta gordeak miatzen ibilitakoak, olatu beldurgarriak hartzen aritutakoak… Berbaldia 19:00etan hasiko da Erroxape emakumeen elkarteak Erreten Lameran duen lokalean.
Olatu handienaren bila izenburupean emango ditu azalpenak zarauztarrak, baina, berbaldiaz gain, bidaiatzeko erabiltzen duen kamioia biistatzeko aukera ere emango dio herritarrari, hilaren 28an, 18:00etatik 19:00etara bitartean. Halaber, surfzaleek Muniainek sinatutako posterrak jaso, eta berarekin argazkia atera ahalko dute.
Aski ezaguna da Axi Muniain surfaren munduan mugitzen diren eta mugitzen ez direnen artean ere. Esaterako, bost aldiz izan da XXL Big Wave Award olatu handien lehiaketako finalista. GIZekoek gogorarazi dutenez, «2014ko abenduan, playa gris bezala ezaguna den inguruan, hamar metro inguruko olatua surfeatu zuen bere besoen indar hutsez, udazkenak ekarritako lehen denboralean. Olatu horri esker lortu du aurtengo finalerako pasea, hain zuzen ere».
20 urtegaz utzi zuen lehiaketa mundua; ordura arte, Europako goi mailan lehiatzen aritu zen. Egun, bestelako ikuspegia dauka: «Ozeano atlantikoak sortzen dituen itsasaldi handiei jarraitu eta horiek isurtzen dituen olatu handienak surfeatzeko ahaleginean mugrilduta» dago.
Zarauztarraren lorpenak
Hala ere, asko dira lehiaren eta ahaleginen ondorioz, eskuratutako lorpenak: 2007an, Billabong XXL Awards sarien finalera pasea lortu zuen Paddle modalitatean eta 2009an, Paddle eta Towing modalitateetan. Gainera, bost aldiz egon da XXL Big Wave Awards munduko bost olatu handienen sarien finalerako izendatuta.
Axi Muniainen esperientziez jakin nahi duenak, hortaz, hilaren 28ko hitzorduagaz bat egitea besterik ez du izango Bermeon.