
Marije Fullaondo
Bihar dira zortzi urte Marije Fullaondo [Getxo, 1964] Errigoitiko bizilaguna atxilotu zutela. 04/08 auzian epaitzen ari dira Fullaondo, beste 34 lagunekin batera; tartean, Mikel Etxaburu ondarrutarra.
Zuek atxilotu eta zortzi urtera hasi da epaiketa.
Urte hauetan Euskal Herrian egoera politikoa eta soziala nabarmen aldatu da, baina zuek epaitzeko onarriak bere horretan mantentzen dituzte.
Hori da, oinarri horiek berberak dira. Euskal herrian bai, gauzak aldatu dira, baina Espainia aldean badirudi ezer aldatzeko inolako gogorik ez dutela.
Lan politikoa egiteagatik erakunde armatuko kide izatea leporatzen dizuete.
Bai, erakunde armatuko kidea izatea leporatzen digute, eta hamar urteko kartzela zigorra eskatu dute guretzat.
Abenduaren 3an hasi zen epaiketa, eta dagoeneko deklarazioa eman duzue inputatuek.
Bai, astelehenera arte horretan izan gara, eta 35 inputatuek eman dugu deklarazioa dagoeneko.
Eta nola joan dira deklarazio horiek?
35 inputatuek ildo bereari jarraituta deklaratu genuen. Bakoitzak bere galderei erantzunez, baina lan politikoa eskubide zibil eta politikoen defentsan egin dugula adierazi dugu denek ere. Lan politiko hori, gainera, ezker abertzalearen proiektuaren defentsan garatu dugula esan dugu. Hortik aurrera, ezer gutxi: bakoitzari galdera ezberdinak egin dizkigute, baina oinarria hori izan da. Eta aitotu egin dugu lan hori egin dugula, lan publikoa izan dena kasu askotan.
Egin dena, esan dena, ala biak kriminalizatu gura dituzte?
Nik uste biak kriminalizatu gura dituztela. Espainiak bere proiektu politikoa inposatu nahi du, horretan ari da, eta ezin du onartu herriok aske, independente, bizitzeko daukagun aldarrikapen eta eskubide hori defendatzea. Beraz, alde horretatik, bai ekinbide politikoa, eta baita ekintzak ere kriminalizatu egiten dituzte.
Epaiketa martxora arte luzatzea aurreikusten da.
Bai. Printzipioz, martxoaren 7an izango da azken auzi saioa. Orain etena daukagu, eta hurrengo auzi saioa urtarrilaren 11n egingo dugu.
Zelako kostu ekonomiko eta pertsonala dakar holako epaiketa batek?
Egia esan, kostuak maila guztietakoak dira. Ekonomikoa, esaterako, oso handia da. Baina kostu eta arazo ekonomikoez gain, kostu laboralak daude, familiakoak, psikologikoak… Tentsioa handia da. Bidaiak berak ere kostu handia dakar.
Eta kostu ekonomikoaren zifrak aipatzean, zenbatetaz ari gara?
Epaiketaren gastua ia 200.000 eurora heltzen da, denen artean ordaindu beharrekoa. Auzipetu bakoitzak, gutxi gorabehera, 5.400 euro inguru ordainduko ditugu; bai bidaiak, prokuradoreak, abokatuak, bertan lo egitea… Horri gehitu behar zaio dagoeneko fidantzetan gastatu duguna: 1.250.000 euro baino gehiago. Nire kasuan, 50.000 euroko fidantza ordaindu behar izan nuen.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dituzte domekan, eta zuek ere agente aktibo izan zarete. Lan politikoa egiteagatik epaituak zareten honetan, hauteskunde kanpainan epaiketa politikoek beharko luketen lekua izan dutela uste duzu?
Oso bitxia da, egia esateko. Guk ez dugu gurekiko elkartasunik eskatzen, ezta gure ideiekiko atxikimendurik ere. Baina bai eskatzen dugu eskubide zibil eta politikoen aldeko defentsa egitea. Bitxia da, hain justu, hauteskunde demokratiko batzuk egin behar direnean eta halako makroepaiketa politikoa burutzen ari denean inor gutxik ateratzea gai hori kanpainaren barruan. Hain zuzen, gu agente aktiboak gara politikaren munduan, eta kanpaina honetan parte hartzerik ez dugu izan. Badirudi beren burua Espainiako Gobernurako hautagai aurkeztu duen inori ez zaiola interesatzen momentu honetan hori gehiegi aireratzea.
Eta euskal gizartearen edo alderdi politikoen babesik sentitu al duzue?
Egia esateko, alderdi guztiek egin dituzte epaiketa hauen kontrako adierazpenak, baina, hitz horietatik aurrera ez dugu askoz gehiago ikusi. Ezker Abertzaleak, Sortuk edo EH Bilduren baitan biltzen diren alderdiek egin dituzte adierazpenak, baina gainontzeko alderdiek ez dute kanpainan epaiketa politikoei buruz ezer esan. Faltan bota izan duguna da eskubide zibil eta politikoen defentsa egin ez izana.
*Elkarrizketa osorik, biharko HITZAn