Argazkia: Txebi Arriaga.
Herenegun, hamabigarren jardunaldian, 97-58 irabazi zion Azpeitiako (Gipuzkoa) taldeari, Malosten. Beste behin, jendetza batu zen kiroldegian, 2015-2016 denboraldiaren lehen itzuliko Malosteko azken lehiagaz gozatzeko asmoz.
Añares Riojak ez zizkion gauzak erraz ipini, baina, etxeko taldeak partida kontrolpean izan zuen, bere nagusitasuna agerian utziz.
Garaipen gosez kantxaratu zen Gernika Bizkaia; erasoan eroso, eta nahieran jokatuz. Popek, Vanderwalek eta Vegak jokaldiak sortzeko arazorik ez zuten izan. Hala, lehia hasi eta hamalau minutura, 14-0 aurretik zen. Izaskun Garcia ere hasieratik bikain azaldu zen, hiruko ederra eginez, esaterako.
Lizarazuk lortu zituen lehen puntuak azpeitiarrentzat, baina, Popen erantzuna berehala heldu zen, 19-5 jarriz. Lehen laurdenak aurrera egin ahala, Añares Rioja hobeto jokatzen hasi zen, eta 28-17 amaitu zuten lehen laurdena.
Gero, 28-22 hurbildu ziren aurkariak, eta etxekoei defentsan estutzea tokatu zitzaien. Mario Lopez Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak aldaketa batzuk egin zituen orduan, eta sei puntu jarrain lortu zituzten: 34-22.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Partidaren erritmoa errekuperatzeko asmoz presioa egiten hasi ziren etxeko jokalariak, eta atsedenaldirako markagailuko aldea handitzea lortu zuten: 49-32.
Baina, talde gipuzkoarrak azken unerarte borrokatzen duela argi utzi zuen, eta ez zuten amore eman. Hala ere, hori ez zen nahikoa izan etxekoen nagusitasuna apurtzeko, eta Diezen eta Vanderwalen hirukoekin partida erabakita gelditu zen. Horren adibide zen 68-46-ko markagailua, norgehiagoka amaitzeko hamar minutu falta zirenean.
Erregina kopa helburu
Asteburu honetan etxetik kanpo jokatuko du Gernika Bizkaiak lehen itzuliko azken neurketa. Hain zuzen ere, Spar Gran Canariaren kontra lehiatuko du 13. jardunaldia. Lehen itzuliko azken jardunaldi horretan, partida guztiak egun eta ordu berean izango dira: zapatuan, 19:00etan.
Erregina Kopa lehiatzea da taldearen helburua, eta horretarako zapatuko partida irabazteaz gain, Mann-Filterrek Gironaren kontra galdu behar du.
Izan ere, Erregina kopa lehen itzulian sailkapeneko lehenengo lau postuetan geratu direnek jokatzen dute. Espainiako Saskibaloi Federazioak oraindik ez du zehaztu zein taldek antolatuko duen, baina, Conquero edo Avenida izan daitekeenaren zurrumurruak daude.
Momentuz, Avenida da liderra 23 puntugaz, eta Girona bigarrenak eta Conquero hirugarrenak hogeitabana puntu dituzte. Atzetik, Mann-Filter eta Gernika Bizkaia daude, hurrez hurren, hogeina puntugaz.