Genero indarkeria egotzita, gizonezko bat inputatu dute Bermeon
Ertzaintzak jakinarazi duenez, Bermeon, gizonezko bat inputatu dute genero indarkeria egotzita. Iturri berak baieztatu duenez, bere bikotekidea bidet baten aurka kolpekatzeagatik akusatu dute gizonezkoa. Joan den eguaztenean, 14:50 aldera jaso zuen Ertzaintzak golpeak jasandako emakumearen deia. Bere bikotekideak kolpekatu egin ziola azaldu zien dei horren bitartez ertzainei, eta azken horiek haren etxera bertaratu ziren orduan. Behin bertan, biktimak aurpegian zauriak zituela eta asma-arazoak zituela egiaztatu zuten agenteek, eta Bermeoko anbulatoriora eraman zuten.
Ertzaintza biktima zegoen etxebizitzara sartu zenerako alde egina zen ustezko erasotzailea. Hala ere, ertzainek gizonezkoa aurkitu eta inputatu egin dute. Biktimak, bestalde, ez zuela bere bikotekidearen aurkako salaketarik jarri nahi izan azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Komunikabideren batek hala zabaldu badu ere, ustezko erasotzailea atxilotua izan denik ezeztatu egin du Ertzaintzak.