Herenegun, 0-5 galdu zuten. 17. jardunaldirarte etxean partidarik galdu barik egon da talde gernikarra. Orain arte Urbietan jokaturiko partidetatik, lau irabazi eta lau berdindu ditu.
Talde gipuzkoarra nagusi izan zen, eta partida amaitzeko ordu erdia falta zenean jokalari bat gutxiagogaz geratzea gogor ordaindu zuen etxeko taldeak.
Erasoan sendo jokatzen hasi zen Gernika, baina, aurkariaren defentsak ez zion utzi arrisku jokaldietan golik egiten.
Hutseko berdinketagaz amaitu zen lehen zatia, eta bigarren zatian heldu zen Real Unionen gol festa. 53. minutuan, Eizmendiren erdiratse baten ostean, sartu zuen Barronek norgehiagokaren lehen gola.
Gero, 62. minutuan heldu zen partida erabat baldintzatu zuen jokaldia. Carracedok egindako falta baten ondorioz, txartel horia atera zion epaileak, eta jokalariak protesta egin ostean, bigarren txartel horia jaso, eta epaileak kanporatu egin zuen.
Hortik aurrera, Real Unionek nagusitasun osoz jokatu zuen, Gernikaren area barrura sartzeko oztopo gutxigaz. 65. minutuan, Ozkoidik sartu zuen 0-2-ekoa, eta partidaren azken ordu laurdenean sartu zituen talde gipuzkoarrak beste hiru golak.
76. minutuan Eizmendik egin zuen Real Unionen hirugarren gola, eta Martinsek 85. minutuan sartu zuen 0-4-ekoa. Partida emaitza horregaz amaituko zela zirudien, baina, 90 minutuak beteta zirela, partidaren azken jokaldian Eizmendik bere bigarren gola sartu zuen.
Hurrengo asteburuan ere derbia
2.B mailan, 2015-2016 denboraldiko lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta dira, eta bi horiek euskal taldeen kontra lehiatuko ditu Gernikak.
Asteburu honetan, Zornotzan, Urritxen jokatu du Amorebietaren kontra, eta Gabonetako atsedenaldiaren ostean, urtarrileko lehen asteburuan Sestao River hartuko du Urbietan.
Lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldi horien faltan, sailkapenean hamaikagarrena da talde gernikarra, 22 puntugaz.
Barakaldok 38 puntugaz sendo eusten dio 2.B mailako bigarren multzoko lidertzari, eta hiru puntu gutxiago ditu RM Castilla bigarrenak. 30 puntugaz Real Union da hirugarrena, eta puntu bat gutxiago du Toledo laugarrenak.