Hainbat lagunek bat egin dute gaurko deituta zegoen
Joan den barikuan, 17:20 aldera, 29 urteko gizonezko batek bere aitaginarreba ohia eta haren bederatzi urteko alaba autoz harrapatu zituen, Bermeoko Ondarraburu kalean. Umearen ahizpa bikia ere beraiekin zioan, baina ihes egitea lortu zuen. Haren bikiak, baina, ez zuen zorte bera izan, eta jasandako golpeen ondorioz, Gurutzetarako ospitalera eraman behar izan zuten. Haren aita ere artatu behar izan zuten, zauri arinagoengatik. Umeak, gaur gaurkoz, ospitalean jarraitzen du; hala ere, larritasun egoeratik kanpo.
Ezbeharra gertatu zen tokian atxilotu zuen Bermeoko Udaltzaingoak ustezko erasotzailea, eta Ertzaintzaren esku utzi zuen, ondoren. Gaur goizean pasatu da atxilotua epailearen aurretik.
Jazoera indarkeria matxistarekin lotu, eta elkarretaratzea deitu dute gaurko Bermeoko Udalak, Erroxape emakumeen elkarteak eta Saregiñek Bermeoko emakume feministen elkarteak. Hala, 20:00etan, ehun lagun baino gehiago batu dira Goiko plazan.
Bestalde, Bermeon, gizonezko bat inputatu zuten eguaztenean genero indarkeria egotzita, eta hori salatzeko ere egin dute gaurko elkarretaratzea.