Argazkia: Gernika Rugby taldea.
Atzo eguerdian Urbietan jokatu zuten Ohorezko mailako lehen itzuliaren azken jardunaldiko partida.
Hala, asteburu honetan, Gernika Rugby taldeak etxean ekingo dio bigarren itzuliari, Hernaniren aurkako derbiagaz.
Etxeko taldea indartsu zelairatu zen atzo, kantabriarrei jokoa zailtzeko asmoz. Baina, Bathco neurketa hasi eta berehala hasi zen arrisku jokaldiak sortzen, eta markagailuan aurrea hartu zuen.
Gainera, partida hasi eta zortzigarren minutuan, Joel
Toro Sclavi lesionatu, eta berdegunea utzi behar izan zuen.
Hala ere, basurdeek beren jokoa egiten jarraitu zuten, arrisku jokaldien bila. Esaterako, Jamiek eta Mateok jokaldi bikain batean entsegua gertu izan zuten, baina, baloiak eskuetatik ihes egin zion bigarrenari.
Markagailuan Santandergo (Kantabria, Espaina) taldea nagusi izan arren, partida nahikoa orekatuta egon zen lehen zatian. Eta atsedenaldira heldu aurretiko minutuetan, etxeko taldea bikain aritu zen. 39. minutuan entsegua egin eta Sebastian Berterok transformatzea lortu zuen, markagailua 7-9 jarriz.
Atsedenalditik bueltan, indartsu eta gogotsu zelairatu ziren basurdeak, eta bigarren zatia hasi eta bost minutura markagailuari buelta ematea lortu zuten: 10-9. Jamie Verran etxeko jokalaria giltzarri izan zen hasierako minutu horietan.
Baina, pozak gutxi iraun zuen etxekoentzat, Bathcok beste entsegu bat egin, eta berriro ere, markagailuan aurretik jarri baitzen. Orduan, aurkariak bere nagusitasuna erakutsi zuen, eta erraztasun osoz beste entsegu bat erdietsi zuen.
Gero, beste entsegu bikain bategaz markagailuan alde handia lortu zuten: 10-30. Bi taldeen arteko alde hori ikusita, basurdeak markagailua iraultzeko borrokan hasi ziren. Pixkanaka-pixkanaka puntuak pilatu zituzten, eta jokaldi bizi eta luze batean esperantzaren entsegua egin zuten. Baina, berdinketa edo garaipena eskuratzeko beranduegi zen, eta epaileak partida amaiera adierazi zuen.