Euskal Surf Zirkuituaren sailkapeneko lehenengo hogei surflarik jokatuko dute.
Halaber, beste lau surflari ezagun ere gonbidatu dituzte: Eneko Acero iazko euskal zirkuituko irabazlea, Hodei Collazo iazko Mundakako txapelduna, Natxo Gonzalez
World Surf League-ko sailkapeneko onena eta Mundaka Surf taldeko kide bat.
Zortzi txandatan banatuta lehiatuko dira surflariak. Lehen txandan Ander Mendiguren, Miguel Betegon eta Iker Amatriain uretaratuko dira.
Bigarren txanda Hodei Collazok, Asier Maquedak eta Iñaki Urkidik osatuko dute. Hirugarren txandan Indar Unanue, Norman Landa eta Axi Muniain ariko dira nor baino nor gehiago. Laugarren txandan, Jatyr Berasaluze euskal zirkuituko bigarren sailkatuak, Mikel Elizaldek eta Liber Cesalagak erakutsiko dute beren abilezia.
Gero, Eneko Aceroren, Natxo Gonzalezen eta Ruben Vitoriaren txanda izango da. Seigarren txandan aterako dira Eritz Urrosolo, Ethan Egiguren eta Aritz Aranburu. Horien atzetik, Roberto Letemendiak, Asier Iriondok eta Ander Ugartek osatuko dute zazpigarren txanda. Ondoren, azken txandan uretaratuko dira Andy Criere euskal zirkuituan momentuz lehenengo doana, Aritza Saratxaga eta Lander Davila.
Ordutegiak
Zapatuko lehen jardunaldian 08:15ean ekingo diote lehiari. 25-30 minutuko txandak izango dira, eta 13:30ak pasatxoan amaitzea aurreikusi dute antolatzaileek.
Domekan, berriz, ordubete beranduago hasiko dira, eta dena aurreikusitako moduan joanez gero, eguerdi partean amaituko dute.
Sailkapeneko gorengo postuak
Mundakako azken proba jokatu aurretik, gaur gaurkoz, 2.000 puntugaz Andy Criere da Euskal Surf Zirkuituaren sailkapeneko lehena. 1.470 puntu ditu Jatyr Berasaluze bigarrenak, eta Imanol Yeregi hirugarrenak 1.225 puntu eskuratu ditu orain arte.