Abendurock-eko lehen ekimenekin gustura daude antolatzaileak
Abendurock jaialdiaren baitan lehen asteburuan egin diren ekimenekin gustura agertu dira Mutrikuko Rock Koletiboko kideak. «Oso pozik gaude. Zubia izan dela kontutan edukita, eta jende asko ere Durangoko azokara joan dela kontutan hartuta, nahikoa jen...
Zapatu iluntzean egindako ekitaldian ireki zituen berriro ateak Mutrikuko Gaztetxeak, eta bertan batu zirenek egin diren konponketak eta aldaketak ikusteaz gain, Unai Endemañoren argazki erakusketa ikusteko aukera ere izan zuten. Endemaño bera ere han egon zen, eta ikusleei azalpenak emateko aukera izan zuen.
Gaur ere bai
Argazki erakusketara hurbildu ezin izan dutenek, gaur ere, 16:00etatik 19:00etara, horretarako aukera izango dutela gogorarazi dute. «Ahal duenari erakusketa ikustera gonbidatzen dugu. Bertan ikusi ahal daitezkeen lanak ikusgarriak dira».
Zapatu gauean, aldiz, Pelax eta Cowboy’s Orchesta taldearen zaleek haiek eskainitako kontzertuarekin gozatzeko aukera izan zuten. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, zaleak zein taldea bera ere oso gustura geratu ziren. «Gaztetxean egin ditugun aldaketekin kontzertuak orain beste modutan entzun eta ikusten dira. Lehengoarekin alderatuta, kalitatea hobetu egin da».
Bestalde, domekako bideo emanaldian ere nahikoa zale batu ziren. «Sound city dokumentala ikusten batu zirenak oso gustura ikusi genituen».
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ekimenek asteburuan jarraituko dute. Zapatuan, 22:30ean, Tutan come on taldearen kontzertua doan ikusteko aukera egongo da. Talde gasteiztarraren zaleek, hain zuzen ere, orain egun batzuk Durangoko azokan aurkeztu den azken lana Gaztetxeko oholtza gainean ikusteko aukera izango dute.
Domekan, aldiz, Anvil deritzon bideo emanaldia eskainiko da, 19:00etan.