Txerrikia dastatzeko eta erosteko aukera izango da domekan Muruetan, XIII. Txerriki Eguna antolatu baitute. Hala ere, hori baino gehiago eskainiko du egunak; izan ere, azken urteetan egin modura, Euskal Jai giroan murgiltzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek.
Muruetan egiten duten jai egun hori txerriki janan eta bertoko txerriari bultzada emateaz oinarritzen bada ere, hainbat dira euskal jai giroan oinarritzen diren jarduerak eguna girotzeko; esaterako, herri kirolak, dantza erakustaldia eta kantu tradizionalen agerraldia. Horiek guztiak, aurten ere ez dira falta egitarauan.
Urtero legez, bertaratutakoek elizaren arkupeetan jarritako azokatxoan hainbat produktu eskuratu ahalko dituzte 11:45eatik aurrera. Herritarren produktuak saltzeko lekua ere egoten da azokan.
Mezaren ostean, Urdaibai dantza taldearen dantzaldiagaz batera zabalduko dute azoka. Ondoren, Busturialdeko pultsu txapelketa, herri kirolen desafioa, euskal kantu tradizionalen agerraldia eta txerriaren zozketa egongo dira. Egunari amaiera emateko, herri bazkarian batuko dira gura duten guztiek.
DOMEKARAKO EGITARAUA
10:30. Meza nagusia.
11:45. Azokaren hasiera, Foruko Urdaibai dantza taldearen dantza ikuskizunagaz.
12:30. Busturialdeko pultsu txapelketaren final handia, 85 kilotik gora: Dani Zubikoa, Jose Castillo eta Kepa Zubizarreta.
13:00. Herri kirolen desafioa: Igor Duñabeitia aizkoragaz eta Muruetako gazteak trontzan.
13:30. Euskal kantu tradizionalaren agerraldia: Foruko Udal Abesbatza, Arratzuko Abesbatza, Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldea eta Gernikako Gure Arbola Zaharra.
14:45. Txerriaren zozketa egingo dute.
15:30. Herri bazkaria Kamiñoko Jatetxean. Parte hartu gura duten horiek, txartelak jatetxean bertan dituzte salgai.