Euskararen alde egiteko eskatu du EHEk
Euskararen eguna da gaur, eta jarerra aktiboa eskatu die Euskal Herrian Euskarazek herritarrei. Euskararen alde egotetik, hizkuntzaren alde egiterako jauzia emateko, alegia. Beraz, gaur, egun osoan, euskaraz bizi dezaten eskatu die herritarrei. “Egia esan, ez gatoz ezer berria egitera, dagoeneko herritar askok hautu hori egina dutelako. Aldaketak eragin nahi baditugu, praktika sumisoa gainditu, eta praktika burujabearen aldeko hautua da indartu nahi duguna”, esan du talde euskaltzaleak.
Talde argazkia atera zuten zapatuan, Gernika-Lumoko Auditorioan, eta abenduaren 3an euskararen kontrako erasoak salatzeko ere eskatu diete Busturialdeko herritarrei. Sare sozialetan hizkuntzaren kontrako zapalkuntzak zabaltzeko eskatu dute,
#egotetikegitera traola erabilita. Euskaraz bizitzea norbanakoaren determinazioa dela jakin badaki EHEk, baina, taldearen ustez, ezin da kolektiboa ahaztu. “Aldaketak tamainan emateko, komunitate moduan jokatu behar dugu. Ideia hori indartzeko planteatzen dugu abenduaren 3ko ekimena, ez soilik euskararen nazioarteko eguna delako. Gure asmoa egunero euskaraz bizitzea baita”.
Bestalde, 11 orduko irakurraldia egiten ari dira Gernika-Lumon. Berbalagunek antolatuta, Ramon Saizarbitoriaren
Hamaika pauso nobela irakurriko dute. 20:00ak arte, beraz, herriko zein eskualdeko hainbat talde, eragile, elkarte eta norbanako igaroko dira Gernika-Lumoko Ludotekatik, bakoitzak liburuaren dagokion pasartea irakurtzeko.
Gautegiz Arteagan, ipuin kontaketa egingo dute 17:00etan. 18:00etan, Ginkana eta tailerrak izango dira kultur etxean, eta euskaraokea egingo dute gero. Busturian, umeentzako pelikula proiektatuko dute 17:00etan, Kultur etxean.
Muxikan, aldiz, mural erraldoia egingo dute gaur, 17:30etatik aurrera.
Bermeoko Euskeraz Berbetan elkarteka, berriz, mahai-ingurua antolatu du gaurko. 20:00etan hasita,
Euskera berdintasuna eta kirola izango dute berbagai, Nestor Basterretxea aretoan.
Bestalde, Eako udaletxean Haizeder eskolako eta Loradi haurreskolako ikasleek eginiko horma irudia erraldoia zintzilikatu dute goizean.
Bihar, 20:15ean, Bai Euskarari ziurtagirien banaketa egingo dute Gernika-Lumon. Astran izango da ekitaldia.