Ezker abertzaleko 35 kideren aurkako 04/08 auziko epaiketa gaur [abenduak 3] hasi da Espainiako Auzitegi Nazionaleko San Fernando de Henaresko (Madril, Espainia) egoitzan, 10:00etan. Hain zuzen ere, legez kanporatutako ezker abertzaleko alderdietan aritutako kideen, tartean Marije Fullaondo Errigoitiko bizilaguna, aurkako azken epaiketari ekin diote, Seguran (Gipuzkoa) atxilotu eta zortzi urte geroago.
Epaitegira sartu aurretik elkarretaratzea egin dute auziperatuek, eta Pernando barrenak 35 lagunen izenean, Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa “jazarpen politiko argia” dela salatu du. “2005 eta 2007 artean euskal militanteek egin zuten lan politikoa da gaurkoan epaitzen ari direna”. Guztiz “oinarri politikoa” duen epaiketa dela ere azpimarratu du Barrenak. “Euskal Herrian jarraitzen dute ideiak eta hainbat alderdi politikoren helburuak kriminalizatzen”.
04/08 sumarioko auzipetuek elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean. Argazkia: Jokin Sagarzazu / Berria
Gaurko epaiketa, gainera, duela 45 urte hasitako
Burgosko prozesuarekin alderatu du Barrenak. “Gaur 45 urte, 1970eko abenduaren 3an, beste epaiketa handi bat hasi zen. Frankismoaren bukaeraren hasiera suposatu zuen Burgosko epaiketak, eta nahiko genuke hemen hastekoa den epaiketa honek jasarpen politikoa oinarri duten epaiketen bukaera suposatzea”.
Dokumentazio eta froga berriak
Epaiketari dagokionez, defentsak bere akusatuen aldeko mintzaldia egiteko tartea izan du. Abokatuek prozeduran “irregulartasunak” egon direla nabarmendu dute, eta akusaziorako froga gisa erabilitako polizia txostenetan “erroreak” egon direla adierazi dute. Hartara, dokumentazio eta froga berriak eskatu dituzte defentsa abokatuak, eta epaimahaiak horiek onartu egin ditu.
11:00ak inguruan deklaratu du Haizpea Abrisketa lehen akusatuak. Abrisketaz gain, Marisa Alejandrok, Nuria Alzugaraik, Egoitz Apaolazak eta Aitor Aranzabalek ere deklaratu dute. Deklaratu duten lehen akusatuek defentsak egindako galderei bakarrik erantzun die, guztiek akusazioak ukatu dituzte.
14:00ak inguruan amaitu da lehen saioa; bihar [abenduak 4] jarraituko du epaiketak.