EAJren ekitaldia, Sukarrietan. Argazkia: EAJ
Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) sortzailearen heriotzaren 112. urteurrena gogoratu dute alderdi horretako kideek, Sukarrietan. Urteroko ohiturari eutsita, Sukarrietako hilerrian, Aranaren hilobi aurrean, bildu ziren EAJkoak, atzo goizean. Urtero legez, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zioten. 1.000 lagun inguru elkartu ziren atzo Sukarrietan, Aranaren omenaldian.
Besteren artean, Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu eta eskualdeko zenbait hautetsi izan ziren Sukarrietan. Hilobi aurrean, Arana gogoan izan ostean, meza entzun zuten, eta ondoren ekitaldi politikoa egin zuten jeltzaleek.
Ortuzarrek hartu zuen hitza ekitaldi politikoan. EAJ beti “justiziaren, askatasunen defentsan eta demokraziaren defentsaren ondoan” izan dela aipatu zuen atzo. Horregatik, beti “zapalduen ondoan” egon izan direla esan zuen, “eta ez zapaltzaileen ondoan”.
EAJren ekitaldia, Sukarrietan. Argazkia: EAJ
Gerra ezin dela “ezeren konponbidea” izan uste dute jeltzaleek: “Gerrek gerra gehiago besterik ez dakarte. Horregatik, eskatzen dugu Europaren aldetik eta Nazio Batuen erakundetik ekintza diplomatiko sendoa burutzea, krisi hau ondo kudeatu ezik, tentsio, sufrimendu eta heriotza gehiago besterik ez duelako ekarriko”. Hala, “itxurazko” itunei “ez” esaten diotela argi utzi zuen atzo, “eta, bai, ordea, terrorismoaren eta fanatismoaren aurkako konpromisoari”. Horrekin, itun antiyihadistaren aurrean bere alderdiak hartu duen jarrera azaldu gura izan zuen Ortuzarrek: “Talde jeltzaleak ez du itun hori izenpetu edo izenpetuko. Ez dugu gustuko nola sortu zen, ez gaitu bere edukiak konbentzitzen, eta ez zaigu gustatzen nola kudeatzen ari den. Itun famatu horrek ez du ezertarako balio. Batzuei, baina, ondo datorkie hauteskunde kanpainarako argazki apur batzuk ateratzeko”.
Bestalde, Ortuzarrek abenduaren 20ko hauteskundeei begira, “nabarmen izatea baino beste asmorik ez duten lider politikoak sortzen ari diren ikuskizun deitoragarriak” kritikatu zituen atzo: “Euskal Autonomia Erkidegoan horretan ere ezberdinak gara. Hemen ez da fikziozko politikarik egiten, ezta inolako
reality show eta halakorik ere ez. Baten batek esango du epelagoak garela, aspergarriagoak. Eta ez da egia. Bai, ezberdinak gara. Hemen ezberdinen artean hitzartzen dugu. Akordioak ixten ditugu”.
Bertaratuko guztiei ohartarazi gura izan zien, gainera, “Konstituzioaren erreformak iragartzen ari diren horiek izan ditzaketen asmoen aurrean, EAJk duen mesfidantza”. Ortuzarrek azaldutakoaren arabera, “Guk ez dugu Espainia gobernatu nahi. Gure burua gobernatu nahi dugu. Gure erabakien jabe izan nahi dugu. Ez dugu giltzapetuta bizi nahi, ez dugu kaiola bihurtu den Konstituzioaren mende bizi nahi. Gure arteko elkarbizitza hitzartu nahi dugu. Gu geu izan nahi dugu. Gure borondateak askatasun osoz adieraziko duen hori izan nahi dugu, besterik ez”.
Amaitzeko, “zintzotasunez” jardungo dutela esan zuen EBBko presidenteak. “Aberriaren interesen gainetik ez dituztela interes partikularrak jarriko”, adierazi zuen.
EAJren ekitaldia, Sukarrietan. Argazkia: EAJ
EAJren ekitaldia, Sukarrietan. Argazkia: EAJ