Herenegun jendetza batu zen Urbietan, 1.000 zaletik gorak ikusi zuten neurketa. Denboraldia hasi zenetik ikusle gehien batu duen partida izan zen Gernikaren eta RM Castillaren artekoa.
Ikusmina zegoen etxeko taldea sailkapeneko bigarrenaren kontra zelan moldatzen zen ikusteko, baina, asko Zinedine Zidane jokalari ohia eta RM Castillaren entrenatzailea bertatik bertara ikusteko irrikaz hurbildu diren Urbietara.
Denboraldi honetan Gernikak jarraian lortzen duen seigarren berdinketa da herenegungoa, baina, minutu askotan partida kontrolpean izan zuen, eta garaipena ere ez zuen urrun izan.
Etxeko taldea batik bat lehen zatian nagusi zen zelaian, eta 36. minutuan Lander Torrealdaik 1-0-ekoa egin aurretik ere gola egiteko saiakerak egin zituen. Gainera, aurkaria ondo estutzen zebilen, eta hark bere jokoa egiteko zailtasunak zituen.
Atsedenaldira heldu aurretik ere, erdiratzeen bitartez Gernikak bigarren golaren bila jarraitzen zuen. Etxabe esaterako, bigarrena egiteko zorian egon zen. Bestalde, RM Castillako Enzo jokalariak partida berdintzeko aukera izan zuen, lehen 45. minutuak betetzear zeudela.
Bigarren zatian gauzak aldatu ziren, eta besteak beste Zidanek Mayoral eta Mariano jokalariak zelairatzeak ondorio latza izan zuen gernikarrentzat.
Hain zuzen ere, Mayoralen jokaldi baten ostean, Marianok lortu zuen banako berdinketaren gola, 79. minutuan.
Gero, 90. minutua betetzeko bi minuturen faltan, Odegaardek 1-2-koa egiteko aukera eduki zuen, baina baloiak zutoina jo zuen.