300 bat lagun bildu ziren atzo, On Domingoren bustuaren inaugurazio ekitaldian. Gainera, eguenean izango den Euskara Eguna ospatzeko ere aprobetxatu zuten atzoko eguna.
Udalerriko apaiza izan zen On Domingo eta euskara eta euskal kultura herrian sustatu zituen. Lorea dantza taldea sortuz, euskara eskolak emanez eta beste hamaika ekimenen bidez, euskal nortasuna barneratu zieten ibarrangelutarrei.
Hark egindako lana eskertzeko aurretik ere ekimen ugari egin dituzte herrian, eta orain udaletxe aurreko plazan haren omenezko bustua jarrita, bere txokoa izango du aurrerantzean On Domingok.
Bustua inauguratu aurretik, meza ostean, Lorea dantza taldearen emanaldia ikusteko elkartu ziren herritarrak.
Gainera, asteburuan San Andres jaien ospakizunak ere izan dituzte Ibarrangelun. Zapatu arratsaldean briska eta mus txapelketak jokatu zituzten, eta gauean trikitilariek girotu zuten Eleizalde auzoa.