VRAC Valladolid taldeak Ohorezko mailako talde indartsuenetarikoa eta faboritoetako bat dela erakutsi zuen beste behin herenegun, Urbietan. Gainera, lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldiren faltan partidarik galdu barik eusten dio lider sendoak.
Etxeko taldeak erasoan ekin zion norgehiagokari, baina, VRAC-en erantzuna berehala etorri zen. Basurdeak intentsitate maila altuagaz hasi arren, liderrak partidaren kontrala nahi zuen. Hala, seigarren minutua igaroaz batera, 0-3 aurreratu zen Valladolidgo taldea (Gaztela eta Leon, Andaluzia).
Partidaren lehenengo minutuetatik Urbieta zelaiko basatza izan zen partidaren beste protagonistetako bat, tarteka bi taldeen jokoa nabarmen oztopatu baitzuen.
Partidaren ordu erdia betetzear zela Berteroren eskutik gernikarrek beren lehen hiru puntuak lortu zituzten, markagailua hiruko berdinketagaz jarriz. Baina, pozak ez zien asko iraun; epaileak Bertero zigortu eta jokalari bat gutxiagogaz geratu zirelako.
Behin behineko abantaila aprobetxatzen jakin zuen VRAC-ek eta puntuak pilatzen jarraitu zuen. Liderrak ahalik eta alde handienagaz heldu nahi zuen atsedenaldira, eta behin eta berriro entseguaren bila ari zen.
Etxekoen defentsa sendoak ez zion uzten bere helburua lortzen, baina, hainbeste ahaleginen ostean entsegua egitea lortu zuen. 3-13 amaitu zuten lehen zatia.
Atsedenaldiaren ostean, basurdeak indarberrituta eta gogotsu zelairatu ziren. Hala, taldeko jokaldi on baten ondoren, Pietrellik entsegua egin, eta Berterok transformatu zuen: 10-18. Beranduago, Berterok berak transformatu zuen Jamie etorri berriak lorturiko entsegua: 17-18.
Azken minutuak emozioz beterikoak izan ziren. Markagailuko aldea hain estua izanik, bietako edozeinek irabazi zezakeelako. Baina, basurdeek lan asko egin, eta joko ona erakutsi arren, ezin izan zuten liderra mendean hartu.