Ozhen
Barikuan jokatu zuen Bermeoko Ozhen musika taldeak Banden lehiaren finala, Begiz begi, Desore eta Yoko Out taldeekin batera. «Itxaropentsu» joan ziren, baina bigarren postuarekin bueltatu ziren Bermeora. Aurtengo talde irabazlea Baionako Begiz Begi taldea izan da.
«Sentipen gazi-gozoagaz» bueltatu zirela azaldu du Aritz Hormaetxea Ozhen taldeko kideak, hala ere, finalean emandako irudiagaz «pozik» daudela diote: «Indarragaz jo genuen eta oso ondo entzuten zen. Jendea gustora egon zen».
20 minutuko zuzenekoan bost abesti jotzeko aukera izan zuten; ahalik eta abesti ezberdinenak aukeratzen saiatu zirela dio Hormaetxeak, eta «oso ondo» joan zela gaineratu du. Bermeotarrak izan ziren, gainera, agertokira igotzen lehenak.
Banden lehiaren irabazlea zein den aukeratzeko, publikoaren botoak eta epaimahaiaren erabakia izaten dituzte kontuan. Beste behin ere, Bermeoko taldea izan zen publikoaren gustokoena. 2.400 boto inguru izan zituzten: «Izugarri pozik» daude jendearen erantzunagaz. Ondorengoak, Desore taldekoak izan ziren, 1.800 boto ingurugaz. Hala ere, epaimahaiak Begiz Begi taldearen alde egin zuen.
Abenduaren 18an, Bermeoko Kafe Antzokian du hurrengo hitzordua Ozhen taldeak. Gautxori, Zartada eta Sueder taldeekin batera parte hartuko dute Busturialdeko Gazte Musika jaialdian. «Gogotsu» daudela diote, taldea gehiago ezagutzeko aukera edukiko baitute bertaratutakoek.