Atzo eguerdian 76-67 galdu zuen talde gernikarrak Huelvan (Andaluzia, Espainia), Conqueroren kontra.
Ondorioz, sailkapeneko laugarren postutik seigarrenera jaitsi da. Hamasei puntu ditu Gernika Bizkaiak, Mann-Filter sailkapeneko bosgarrenak bezainbeste.
Conquero atzoko aurkariak hirugarren postuari eusten dio hamazazpi puntugaz, eta Bembibre laugarrenak ere hamazazpi puntu ditu.
Era berean, Perfumerias Avenida eta Girona hemeretzina puntugaz berdinduta daude sailkapeneko gorengo postuetan.
Atzokoa jardunaldiko partida izan zen, eta bi taldeek ez zuten hutsik egin. 7-0 aurreratu zen etxeko taldea, eta lehia hasi eta bi minutura hutsartea eskatu zuen Mario Lopez Gernika Bizkiaren entrenatzaileak. Hutsartean entrenatzaileak emandako jarraibideek eragina izan zuten, eta gernikarrek defentsa sendotuz, aurkariaren hutsegiteak eragin zituzten. Horrela, 15-15-ko berdinketa lortu zuen Gernika Bizkaiak. Gainera, lehen laurdena sei puntuko aldeagaz amaitu zuten: 19-25.
Bigarren laurdenean defentsako lan ona egin behar izan zuten bi taldeek. Conquerok aldea apur bat murriztea lortu zuen, baina, gernikarren kanpoko jaurtiketei esker, 33-39-ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdena guztiz erabakigarria izan zen. Etxekoek 7-0-eko aldeko partziala lortu zuten hasi eta berehala, eta orduan, Lopezek beste hutsarte bat eskatu zuen. Gero, 42-42 berdinketagaz bi taldeak garaipena lortzeko lanean zebiltzan, baina, 50-48-ko markagailutik aurrera, partida erabat apurtu zen. Gabriel Carrasco Conqueroren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen, eta inflexio-puntua izan zen hori.
Etxekoek intentsitatea areagotu, eta asmatzen hasi ziren, 17-0-ko aldeko partziala eskuratuz. Gernikarrak ez zeuden garaipena oparitzeko prest, eta ekinean jarraitu zuten, 67-56 jarriz. Baina, Gernika Bizkaiaren jokalariei hasierako intentsitatea falta izan zitzaien azken minutuetan, eta etxekoek bederatzi puntuko aldeagaz garaipena lortu zuten.