Lurgorri auzoa
Lurgorri auzo-kultur elkarteak ere bat egin du auzotar talde batek parte hartze prozesua eskatzeko hasitako sinadura bilketarekin. Hala, bihar arratsaldean, martitzena, atariz atari ibiliko dira elkarteko kideak, auzokoen artean sinadurak batzen.
Era berean, Gernika-Lumoko Udalak Lurgorrirako aurkeztu zuen proiektuari ekarpenak egin dizkio auzo-kultur elkarteak. Lehenengo puntuan, parte hartze prozesu bat irekitzeko eskatu diote udalari, auzotarren beharrizanei erantzun egokia emateko. Hori posible egiteko, gaainera, proiektua atzeratzeko eskatu dute. Bigarrenik, auzoak aterpe baten beharra duela adierazi dute; hala, erabilera anitzekoa eta adin guztietako bizilagunak hartzeko modukoa izango den aterpea eskatu dute. Hirugarren puntuan zelai berdeak babesteko eskatu du Lurgorri auzo-kultur elkarteak. Laugarrenik, espazio libreak uzteko ere eskatu dute, auzoan bizitzeko eta bertan egin daitezkeen ekintzetarako (Gabonak, auzoko jaiak, San Juan eguna…). Bosgarren eta azken puntuan, mantenu asko eta garestiak diren gastuak saihesteko eskatu diote udalari.