Iazko irabazlea
Elkartasun zozketa egingo dute abenduaren 31n, eta otzara erraldoia osatzeko produktuak biltzen hasiak dira. Ostalariek eta dendariek borondatez ematen ari diren produktuekin ari dira betetzen otzara hori, eta betetzen jarrai dezaten eskatu die elkarteak, bai dendari eta ostalriei zein herritarrei ere.
Otzara bera Gernika-Lumoko Industria kaleko 3 zenbakian ipiniko dute erakusgai, eta denda hori zabalik egongo da zapatuetan, abenduaren 26a bitartean, 12:00etatik 14:00etara. Zozketan parte hartzeko txartelak dendan izango dituzte salgai, eta baita kalean ere, eskualde osoan.
Harerra elkarteak azaldu duenez, giza eskubideen kontrako baldintzak bizi dituzte oraindik etxetik kanpo dauden euskal preso eta iheslariek. “Etxetik urrun dira, sakabanatuta, gaixorik eta senide era lagunen giza eskubideak ere urratzen dituzte”, esan dute. Gainera, 2014ko urtarrilaz geroztik, preso ohiek jasotzen zuten laguntzarik ez dela salatu du Harrera elkarteak. “Estatuak 426 euroko laguntza ematen zuen hilean, baina Espainiako Gobernuak kendu egin du legezko laguntza hori, eskubideak urratuz eta errepresioa areagotuz”.
Hori dela eta, espetxetik ateratzen diren preso ohiek edota erbestetik bueltatzen direnek herritarren elkartasuna behar dutela azpimarratu du Harrera elkarteak.