Urberuaga auzoko argiteria hobetuko du udalak
Herriko Landa Inguruen argitasuna berritzeko planaren baitan, Foruko Udalak Urberuaga auzoko argiteria hobetzeari ekingo dio. Hala, jarraipena emango diote herriko landa gune eta auzoen argitasuna hobetzeko plan orokorrari. Orain arte, Atxondoa, San Kr...
Lan horien bitartez, herrian eraginkortasun energetikoa lortu gura dute, eta igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztu gura dituzte. Era berean, herritarrei zerbitzuak eta segurtasuna bermatzea dute helburu.
Urberuaga auzoko argiteria hobetzeko proiektua bi fasetan egingo dutela azaldu dute Foruko Udaletik; lehenengo fasean, Harrobia eta Ibarra tartea egingo da, eta aurten egingo dituzte lanak. Bigarren fasean, berriz, gainontzeko guztia egingo dute. Hori, baina, datorren urtean egingo dutela zehaztu dute.
49 kaleargi berri
Lan horiek guztiak egiteko aurrekontua 132.655,59 eurokoa da. Inbertsio horri aurre egiteko, Foruko Udalak Eusko Jaurlaritzako EREIN programaren bitarez, diru laguntza bat kudeatu duela azaldu dute.
Urberuaga auzoan dauden egungo argiak LED teknologiako beste batzuengatik ordezkatu dituzte, eraginkortasun energetikoaren alde egiteko. Hain zuzen ere, 150 watteko bonbillak kenduko dituzte, eta LED teknologiako 28 wattekoak jarriko dituzte.
Urberuaga auzoko 32 kaleargi ordezkatuko dituzte, eta gehiago jarri ere, 49 kale argi berri jarriko baitituzte. Diotenez, urtean, 3.440 euro aurreztu ahalko dituzte. Hala, inbertsioa 10 urtetan amortizatuta egongo litzateke.
Berritze lanak egin ostean, ingurua asfaltatuko dutela azaldu dute udaletik. «Auzoetan zerbitzuak hobetzeko esfortzuak egiten ditugu, herritarren bizi kalitatea bermatzeko. Argia funtsezkoa da, batez ere, Urberuaga auzoan, neguan hainbat argi mozketa izaten baitituzte», esan du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak.