Argazkia: Murueta Sokatira Kirol kluba.
320 kilotan, Euskadiko Goma Gaineko 4X4 sokatira txapelketaren finala zapatuan jokatu zuten Ezpeletan (Lapurdi).
Euskal Herriko sei sokatira taldeen artean Ibarra talde gizpuzkoarra nagusitu zen. Amaiur sailkatu zen bigarren, eta Ñapurrak taldeak lortu zuen hirugarren postua.
Jon Eskibel Murueta Sokatira Kirol klubeko kideak azaldu duenez, bigarren izateko aukerekin heldu ziren azken tiraldira, baina, ez zuten lortu: “Azken tiraldira bigarren izateko aukerekin heldu ginen, baina Amaiur talde indartsuagaz ezin izan genuen”.
Gainera, Ñapurrak taldeagaz berdinduta zeudenez, berdinketa hautsi behar izan zuten, baina, ez zuten zorterik izan, “azkenean laugarren postuagaz konformatu behar izan ginen”.
Murueta taldeko sokatiralariak nabarmendu duenez, maila altua egon zen finalean: “Presio itzelezko tiraldiak egin genituen, kalitate oso oneko taldeen kontra aritu ginen. Amaiur, Ñapurrak eta Ibarra oso gogor aritu ziren, eta gu denei gerra ematen”.
Finaleko esperientziagaz pozik daude Murueta Sokatira Kirol klubeko kideak: “Oso gustura aritu ginen, talde indartsuenei aurpegia emanez eta sentsazio oso onakaz; batez ere horrekin geratzen gara”.
Finaleko sailkapena:
- Ibarra A
- Amaiur
- Ñapurrak B
- Murueta B
- Ibarra B
- Sokarri A