Lopez eta gainontzeko sarituak barikuan, Bilbon.
Partida garrantzitsua izango da hamargarren jardunaldikoa. Izan ere, Emakumezkoen ligako sailkapenean hirugarrena da Conquero Huelvako (Andaluzia, Espainia) taldea, eta talde gernikarra laugarrena da. Beraz, talde andaluziarrari irabaziz gero, hirugarren postua berreskuratuko luke Gernika Bizkaiak.
Domekan, 12:00etan hasiko da bi taldeen arteko norgehiagoka Andres Estrada kiroldegian.
Asteburu honetako jardunaldia kontuan hartuta, 2015-2016 denboraldiko lehen itzulia amaitzeko lau partida geratzen dira, eta horietatik hiru etxetik kanpo jokatuko ditu Gernika-Lumoko taldeak.
Mario Lopez entrenatzaileak argi du egutegi horrek ez diela “mesederik” egiten, eta “zailtasun handiko” partidak izango direla aurreikusten du.
Gaur gaurko egoeran Erregina Kopa jokatuko luke Gernika Bizkaiak, eta koparako sailkatzeko datozen lau partidetan ere ahalik eta emaitzarik onenak lortu gura ditu entrenatzaileak: “Hor goian egonda, Koparako aukerak ditugu, baina, neurketa zailak dira”.
Lan onaren ordaina
Bestalde, entrenatzaile lanetan egindako ibilbidearen eta lanaren fruitua jaso zuen Lopezek Bilbon, barikuan. Bizkaia Basquet fundazioaren galan
Premios Saski Sariak banatu zituzten, eta Lopezegaz batera beste entrenatzaile hauek ere saritu zituzten: Txus Vidorreta, Andoni Rodriguez, Juan Antonio Sierra, Joxean Figeroa eta Carmelo Echevarria.
“Bizkaiko saskibaloiaren historian hainbeste egin duten horrelako entrenatzaile hain garrantzitsuekin batera saria jasotzeak pozez betetzen nau. Ohore bat da hauen alboan saria jasotzea, hasi nintzenean Figeroa eta Carmelo erreferente argiak ziren niretzat”, adierazi zuen Lopezek. Halaber, fundazioari eta klubari eskerrak eman zizkien.