Ozhen taldea. Argazkilaria: Triz Vega
Bilboko Bilborock aretoan izango da finala, bihar, 20:00etan. Bermeoko Ozhen taldeagaz batera, beste hiru talde izango dira oholtza gainean: Begiz begi, Desore eta Yoko Out.
Agertoki gainera igota lau banda finalistetako bakoitzak 20 minutuko zuzeneko kontzertua eskainiko du, eta aurtengo talde gonbidatua Urtz izango da.
Oihan Vega esatariak aurkeztuko du ekitaldia, eta epaimahaikideak ere bertan egongo dira. Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru; Leire Palacios kazetaria; Zuriñe Hidalgo, Hesian taldeko kantaria eta aurkezlea; eta Last Tourreko Gaby Salaberry dira aurten epaimahaia osatzen duten kideak.
Talde irabazlea aukeratzerako orduan epaimahaiaren eta publikoaren botoak izango dituzte kontuan. Publikoaren botoek %40 balioko dute, eta twitter bidez bozkatu ahalko dute.
Banden Lehiaren irabazleak 2016ko Bilbao BBKLive jaialdian eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdian jotzeko aukera edukiko du, eta, gainera, disko bat ekoitziko diote. Lau finalistek, gainera, lau taldeen kantak biltzen dituen disko bat jasoko dute, oroigarri gisa.
Guruzne Aristegi (ahotsa), Manu Goikoetxea (bateria), Esti Goikoetxea (baxua), Iker Latxaga (teklatuak) eta Aritz Hormaetxea (kitarra) bermeotarrek osatzen dute Ozhen. Publikoaren boto gehien jaso zuen taldea izan zen, bai eta epaimahaiak aukeratutako taldea ere.
Taldekideen artean “urduritasuna” da nagusi, “ondo egin gura dugu eta buelta asko ematen ari gara”. Momentua iristeko gogoz daude, bai eta hori amaitzeko ere.
20 minututan bost abesti jotzeko aukera izango dutela diote, eta sei dituzte buruan, “horietako bat kendu beharra daukagu”, dio Iker Latxagak.
“Taldearen irudia, soinua eta publikoagaz duten harremana” kontuan izango dituztela esan diote taldeari. Beraz, herritarrei Bilborockera joateko deia egiten diete, “taldea animatzera eta ahalik eta giro onena sortzera”.
HITZAK taldea elkarrizketatu zuen finalista izendatu zutenean,
hemen irakur daiteke.