Aita Luis Villasante udal euskaltegia
Azken bi ikasturteetan matrikula kopuruak behera egin arren, 2015-2016 ikasturteko datuak positiboagoak direla jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak. Aipatu duenez, matrikulazioak %50 egin du gora. 90 ikaslerekin hasi zuten 2014-2015 ikasturtea, eta 135 ikaslerekin hasiko dute aurten kurtsoa.
Euskarak batzen gaitu leloagaz egin dute kanpaina, eta, Marisa Aldamizetxebarria euskara zinegotziak esan duenez, jendearen benetako beharrizanetara egokitutako eskaintza egiteak lagundu du matrikula kopuruaren gorakadan. Ikasle gehienak gorengo mailetan eman dute izena: B2 eta C1 mailetan, hain zuzen ere.
Aurrez aurreko 10 talde izango dira euskaltegian, ikasturte berrian; eta beraien kabuz ikasiko duten 33 ikaslek ere eman dute izena.