Santa Katalina jaien baitako mendi martxa egingo dute domekan
Urtero egin modura, Mundakako Gazte-Zar mendiko taldeak mendi martxa antolatu du Santa Katalina jaien baitan, eta irteera hori domekan egingo dute.
Parte hartu gura duten horiek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzea (25 kilometro inguru) edota laburra (10 bat kilometro). Luzea aukeratzen duenak honako ibilbidea izango du aurretik: Mundaka-Katillotxu-San Bartalome- Altamira-Forua-Murueta-San Kristobal-Axpe- Sukarrieta-Mundaka. Laburra aukeratzen duenak, berriz, honakoa: Mundaka-Katillotxu-San Bartolome-Axpe–Sukarieta-Mundaka. Bata zein bestea egiteko, irteera ordua berdina izango da. Mundakako Isla Kale kiroldegitik aterako dira, 08:00etan.
Ondoren, “galdutako indarrak berreskuratzeko” mokadua izango dute Santa Katalina plazako Urdaibai txokoan. Hori, 13:00etatik aurrera izango dela esan dute antolatzaileek.
Urteroko mendi martxa horretan parte hartzeko asmoa duten horiek, aurretiaz eman beharko dute izena gaztezar.mt@live.com helbide elektronikora idatzita. Mezuan, mendi martxara zenbat pertsona joango diren eta nongoak diren zehaztu beharko dute parte hartzaileek.