
Ibarrangeluko San Andres eliza.
Organoa guztiz zaharberrituta dagoela ospatzeko meza, kontzertua eta bisita gidatu berezia egingo dituzte.
11:00etatik aurrera Mario Izeta Bilboko Gotzainak emango du meza San Andres elizan. Gero, atsedenaldi labur baten ostean, Benantzi Bilbaoren eta Jabier Artigasen eskutik organo kontzertua lau eskutara emanaldiagaz gozatuko dute bertaratutakoek.
Saioan sortzaile ezagunen doinu esanguratsuetarikoak joko dituzte. Hain zuzen ere, honako piezak eskainiko dituzte: Giovanni Morandiren
Introduzione, tema, Variazioni e finale, Gioacchino Rossiniren
La gazza ladra, Paul Benoiren
Noël basque, Ludwig van Beethovenen
Adagio für díe Flötenuhr Wo 0 33/1 eta Jesus Guridi Iraolaren
Variaciones sobre un tema vasco (Itxasoa) eta El Caserio.
Bisita gidatu berezia
San Andres elizako organoa eta ganga polikromatu ikusgarria ikusteko Lagatour turismo jasangarria enpresak urte osoan zehar egiten ditu bisita gidatuak, baina, domekarako bisita gidatu berezia prestatu dute.
Plaza mugatuak daude, beraz, aldez aurretik eman behar da izena. Barikua aurretik apuntatu behar da, telefono zenbaki honetara deituta: 634 425 769. Halaber, helbide honetara idatzita ere izena eman daiteke:
contacto@lagatour.com.
Ibarrangeluko udalak, Ander Deuna talde parrokialak, Gondra Barandiaran fundazioak eta Lagatour-ek antolatu dituzte elkarlanean domekan egingo dituzten ekintzak.