
Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzaileak dopina erabiltzea eta horri esker irabaztea leporatu zion Urdaibairi 2010. urteko Kontxako Banderan. Hori dela eta, auzitegiak esku hartu zuen horretan, eta fiskalak ikerketa abiarazi zuen, adierazpen horiek kontuan hartuta. Bost urte beranduago egin dute epaiketa. Azaroaren 6an bukatu zen, hain justu, epaiketa.
Fiskaltzak orduan, zigor eskaera mantendu zuen
Estrobo auziko hamar akusatuetatik sei lagunentzat; izan ere, gainontzeko lauak errugabetzat jo zituen, “froga faltagatik”. Epaileari zantzuak lotu eta horiei kasu egitea eskatu bazion ere, Bilboko 1. Zigor Epaitegiko epaileak absoluzioa eman du azken sei horientzat.
Estrobo auzian inplikatutako bi farmazialarik, Urdaibaiko orduko entrenatzailearen emaztea eta Kordobako polizia bat jo zituen Fiskaltzak errugabetzat. Erruduntzat jo zituen, berriz, Josu Zabalondo Urdaibaiko presidentea, Jose Manuel Francisco orduko entrenatzailea, Marcos Maynar medikua, Arantza Ormaza erizaina, Borja Garai medikua eta Teresa Mesa. Lehenengo lau horietako bakoitzarentzako bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra mantendu zuen, eta azken bientzako, aldiz, murritzagoa; urtebetekoa eta sei hilabetekoa, hurrenez hurren.
Izan ere, Fiskaltzak uste du osasun publikoaren aurkako delitua egon zela, ” arraunlarien errendimendua hobetzekotan debekatutako substantzia kaltegarriak erabili zituelako Urdaibaik 2010. urtean”. Halaber, arraunlarien deklarazioetan kontrakotasunak egon zirela aipatu zuen fiskaltzak, eta ez zela posible 23 arraunlarik zer ziztatzen zitzaien ez jakitea gaineratu zuen.
Epaileak, hala ere, ez du osasun publikoaren aurkako delitua egin denik ikusten. Epaiak dopin substantziak Urdaibai Arraun Elkartera ailegatu zirela jasotzen duen arren, auzitegiak dio ezin daitekela egiaztatu substantzia horiek arraunlari horiei eman zizkietela, ez eta kirolarien osasuna zein bizia arriskuan jarri zutenik. Hori dela eta, akusatuak delitu bat egin izana ere ezin dela egiaztatu deritzo.
Halaber, epailearen ustez, “osasunerako edo bizirako arriskutsua dena ez da aukera sinple bat izan behar, frogatu eta erakutsi egin behar den errealitate bat baino”.
Deklarazioak deklarazio, eta bost urte beranduago, epaileak absolbitu egin ditu akusatuak. Josu Zabalondok, esaterako, sentitzen duena barruan gordeko duela esan duen arren, epailearen erabakiagaz “pozik” agertu da; nahiz eta aitortu duen “lasai” egon dela, beraiek ez dutelako “ezer” egin.