
Kanpainari buruzko azalpenak eman dituzte prentsaurrekoan
Hizkuntza irizpideak onartuta ditu Gernika-Lumoko Udalak osoko bilkuran, eta, horien arabera, herritarrekin zein gainontzeko erakundeekin harremanak euskara hutsean izatea hautatu du. Beraz, egunerokotasuneko idatzizko harremanak, zein bestelakoak, ere euskara hutsean izan daitezen gura du Gernika-Lumok. ka-Lumok. Hori bultzatzeko kanpaina bat hasi du, eta hori aurkezteko prentsaurrekoa eman dute gaur euskara zerbitzuko teknikariek eta euskara zinegotziak. Karlos Gorrindok azaldu duenez, Gernika-Lumoko Udalak konpromiso zehatza du euskararekiko, eta kanpaina berri horrekin konpromiso hori berretsi nahi du.
Bittor Zarrabeitiaren esanetan, euskaraz erregistratu diren idatzien kopuruak gora egin du azken hiru urteetan, eta datu hori positiboa dela esan du. Dena den, gaur egun oraindik %25 da, gutxi gorabehera, idatziak euskaraz aurkezten dituzten herritarrak. “Erregistroean euskara hutsean sartzen diren agiri gehienak herritarrenak dira”, zehaztu du. Erakundeen joera, gaur egun oraindik, elebitasuna dela aipatu du Zarrabeitiak. Hala, Gernika-Lumoko Udalak dituen hizkuntza irizpideak errespetatzeko eskatu dute. “Herritarrak berak hautatzen duen hizkuntza errespetatzen den legez, udalak hautatu duen hizkuntza errespetatzeko eskatzen diegu gainontzeko udal eta erakundeei”.
Kanpaina
Horretarako, euskara erabiltzearen aldeko kanpaina abiarazi du Gernika-Lumoko Euskara sailak. Gernika-Lumon euskaldun eta ia euskaldun direnen arteko kopurua altua dela esan du Zarrabeitiak, %85. Horregatik,
Gernika-Lumoko Udalak euskaraz eta… Zuk zergatik ez? kanpaina euskaldunei zuzenduta dagoela esan du; udal eta herritarren arteko idatzizko harremana ere euskara hutsean izan dadin. Informazioa eta datuak biltzen dituen 10.000 eskuorri banatuko dituzte, eta gutunak ere bidaliko dituzte, udaletara, erakunde publikoetara eta Hitzarguneko kide direnei zuzenduta. Udalarekin hitzarmena duten enpresa, merkatari eta elkarteak biltzen ditu Hitzargunek; 300 bat, gutxi goraberera.
Euskara zinegotzi Marisa Aldamizetxebarriak udala euskaraz funtzionatzeko prest dagoela esan du, eta herritarrekin duen harremanetan euskararen erabilera handia dela. Hala, euskarazko harremanak jorratzea garrantzitsua dela esan du, eta, horretarako, denen laguntza eskatu du.