Salutregi senide eta lagunekin Ean, aske geratu zen egunean.
Egin egunkariaren zuzendari izandakoa urriaren 29an atera zen Burgosko kartzelatik eta egun berean harrera beroa egin zioten Ean. Ongi etorrian jendez bete zen udalerriko plaza.
Oraingo honetan udalerriko frontoian egingo dituzte ekitaldia eta herri bazkaria.
13:00etan frontoian ipini dute hitzordua. Agurra eta aurreskua dantzatuz egingo diote harrera, eta ondoren, kalejira egingo dute. Ekitaldi berezia izango da.
Izan ere, kalejiran zehar kazetaritzarekin lotura zuzena duten zenbait kidek hartuko dute hitza, eta horrez gain, herriko dantza taldearen emanaldia eta balkoitik balkoirako bertso saioa ere egingo dituzte bidean. Jai giroa izango da nagusi, eta kalejira gaiteroen, txistularien eta trikitilarien soinuekin girotuko dute.
Frontoian hasi eta bukatuko dute kalejira, eta ekitaldiaren amaieran Salutregik hartuko du hitza.
Bazkarirako txartelak salgai
15:00etatik aurrera bazkalduko dute frontoian. Etzi da txartelak erosteko azken eguna. Txartelak 10 euroren truke Eako Bodegoi eta Eskoikiz tabernetan daude salgai.