Urdaibai zaldi taldekoen eskutik herenegun egin zuten IE-042 Ereño-Nabarniz zaldi ibilbidearen aurkezpena eta inaugurazioa.
Ereñoko Gabika auzoan 10:00etan elkartu eta aurkezpena egin ostean, Ereñoko alkate Joseba Zarragoikoetxeak eta Urdaibai zaldi taldeko kideek zinta moztuz inauguratu zuten ofizialki.
Ondoren, hamasei zaldizkok zein bere zaldi gainean egin zuten ibilbidearen zati bat. Hiru bat ordu egin zituzten eta tartean hamaiketakoa jateko atseden hartu zuten.
Izan ere, 28,5 kilometroko ibilbidea da, eta lasai joanda sei ordutan egiten da.
Partaideek amaieran barbakoa egin zuten ibilbidea hasi zuten leku berean.
Ibilbide zirkularra
Ia 30 kilometroko ibilbide zirkularra da zabaldu berri dutena, abiapuntua eta bukaera Ereñoko Gabika auzoan ditu, eta Espainiako Hipikako federazioak homologatuta dago.
Ibilbidea seinaleztatuta dago, jarraitu beharreko norabideak zehaztuta eta pasatu ezin diren lekuetan gurutzeak jarrita.
Ibilbidearen hasieran informazio ohola dago, eta ibilbidearen deskribapenagaz batera, funtsezko arauak ere zehazten dira bertan.
Adibidez, oinezko, mendi bizikleta edota motordun ibilgailuekin elkarbanatutako tarteetan trostan ez joatea eskatzen da. Halaber, kaskoa, babes neurriak, sorospen kit-a, eta larrialdietarako materiala eroatea gomendatzen dute.
Gainera, intereseko zenbait telefono zenbaki ere jarri dituzte, esaterako, Ereñoko udalekoa eta Urdaibai zaldi taldekoa.
Ereño eta Nabarniz udalerriak lotuz, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paisaia ederretan barrena, pinudi, artadi eta hariztietatik igarotzen da ibilbidea.