Zarragoitxiko gaztelua
Bizkaiko Batzar Nagusiek Bermeoko Zarragoitxiko gaztelua kontserbatzeko presazko neurriak hartzeko eskaria egin diote Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jarlaritzari eta Bermeoko Udalari. Euskara eta Kultura Batzordeak aho batez onartu zuen atzo, Ahal Duguk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, gaztelua «jausteko arriskua» dagoelako.
Ahal Duguk aurkeztu duen proposamenak arkeologoek egin duten eskaera jasotzen du. Elsa Pamparacuatro Ahal Duguko batzordekideak azaldu zuenez, arkeologo horien ustez, «beharrezkoa da harresia zimendatzea, erroiztea saihesteko». Bestalde, adituek esku hartze publikoa beharrezkoa dela uste dute, gunetik harriak eroatea ekiditzeko.
XIII. mendekoak dira Bermeoko Zarragoitxi auzoan aurkitu dituzten aztarna arkeologikoak, eta 2013an eta 2014an arkeologoek egindako hondeaketa kanpaina bitan atera zituzten aztarnak lurpetik. Urdaibaiko Biosfera Erreserbak, interes arkeologikoko aztarna izendatu ditu.
Batzarretako kideak bat etorri dira jausteko arriskuaren aurrean, «beharrezkoa dela esku hartzea». Hala ere, Mikel Bagan jeltzalearen arabera, «arrisku hori bermatzen duen daturik ez dago».
Batzar Nagusietan ordezkaritza duten bost taldeek, ikerketa arkeologiko bat martxan jartzea adostu dute. Arturo Aldecoa popularraren arabera, «Bizkaian, Erdi Aroko arkeologiarako interes gehieneko puntuetako bat dena balioan jarri behar da».