Bihar eta etzi jokatuko dute Rally Race Madrid 2015 lasterketa. Hain zuzen ere, Espainiako Rally txapelketako azken proba izango da asteburu honetakoa.
Estebanek aurtengo denboraldian ez du Espainiako txapelketako lasterketa bakar batean ere parte hartu, baina, Armi Energy Drink babesle nagusiagaz akordio batera heldu da azken lasterketa honetan izateko.
Hala, urtebeteko geldialdiaren ostean gogotsu dago: ” Lehiatu barik urte zaila izan da, baina, Madrilen ondo aritzeko prestatu naiz, eta horrela datorren denboraldiari begira autoagaz ditudan sentipenak frogatuko ditut”.
Race Seven taldeagaz parte hartuko du pilotu gernikarrak, eta Raquel Ruiz izango du alboan kopilotu. Peugeot 208 R2 autoagaz emakumezkoen junior kategorian ariko dira.
Estebanek babesa eman dieten guztiei eskerrak eman dizkie, eta batez ere babesle nagusiari harengan erakutsitako konfiantzagatik.
Jarama zirkuituan
Jarama zirkuitua izango da pilotuen bilgunea, eta bertan egingo dute etzi sari banaketa ekitaldia ere. Espainiako txapelketagaz batera, Madrilgo Autonomia Erkidegoko txapelketa ere jokoan izango da.
Bihar goizean egiaztatze teknikoak egin ostean, 15:30etan irteera ekitaldian bilduko dira partaideak. Gero, 16:00etan hasiko da gauerarte luzatuko den lehenengo etaparen lehia.
Madrilgo mendilerroko herrietatik egingo dute lehen etapa hori, eta biharamunean Madril eta Avila artean gidatuko dute. Hala, zapatuko bigarren etapan hiru tramo berri egongo dira: La Lancha, Arrebatacapas eta El Herradon.
Besteak beste, Estebanegaz batera ariko dira lehian Elba Correa eta lesio batetik osatu berri den Emma Falcon kanariarra. Halaber, parte hartuko duten euskal pilotuen artean daude Gorka Antxustegi eta Txus Jaio markinarrak.