AGIRI arkeologia taldea, Katillotxu V-ean indusketak egiten
1985. urtean antolatu zituen AGIRI Arkeologia Elkarteak Busturialdeko Arkeologia Jardunaldiak, lehenengoz. Orduz geroztik, hainbat urtetan antolatu dituzte berriro, eta XXII. edizioa izango da aurtengoa. Martitzenean hasi –hilaren 17an–, eta zapatuan amaituko dira –hilaren 21ean–. Egitarau berezia prestatu dutela azaldu du AGIRI elkarteko Juan Carlos Lopez Quintanak. Lekeitioko Santa Catalina koba izango dute mintzagai jardunaldien lehen hitzaldian, eta, horretarako, koba horretan egin dituzten indusketen zuzendaria den Eduardo Berganza izango da Gernika-Lumon. Berbaldia 19:30ean izango da, Elai-Alai areto txikian.
Eguaztenean, berriz, elkartearen 30. urteurrena baliatuta argitaratu duten liburua aurkeztuko du AGIRIk:
Guia de los monumentos megaliticos de Urdaibai. Argitalpen hori monumentu megalitikoei buruz eskualdeak zuen hutsune informatiboa betetzera datorrela azaldu dute. Aurkezpena 19:30ean hasiko da, eta ostean luntxa egingo dute.
Eguenean zinemagintza arkeologikoan jarriko du arreta AGIRIk. Hala, Cedric Robionek zuzendutako
El sarcofago congelado de Mongolia proiektatuko dute Astran, 19:30ean.
Jardunaldiei amaiera emateko, txangoa antolatu du arkeologia elkarteak. Arabar Errioxara joango dira aurten. Bertan, estazio megalitikoa bisitatuko dute, Javier Fernandez Erasoren azalpenekin. Ostean, Laguardian bazkalduko dute. Txangoan parte hartu gura duenak jardunaldietan eman dezake izena; bestela,
arkeoagiri@hotmail.com helbidera ere idatz dezake.