Aurreko astean Biarritzen izan ziren Muruetako sokatira taldekoak. Argazkia: Murueta Sokatira Kirol Kluba.
Euskadiko Goma Gaineko 4X4 sokatira txapelketaren bigarren saioa Sopelan lehiatuko dute etzi. Urko kiroldegian 17:00etatik aurrera ariko dira Euskal Herriko sokatira taldeko ordezkariak nor baino nor gehiago.
Hain zuzen ere, Murueta Sokatira Kirol klubeko kideekin batera honako talde hauetako kideek parte hartuko dute: Ñapurrak, Ibarra, Sokarri, Amaiur, Iparralde eta Atzera STT.
Murueta, Ñapurrak eta Sokarri taldetik bi talde ariko dira lehian, eta Ibarra taldetik, berriz, hiru talde.
Lehen jardunaldian hirugarren eta laugarren
Euskadiko Goma Gaineko 4X4 sokatira txapelketaren lehen jardunaldia urriaren 31an jokatu zuten Gatikan. Orduan ere bi multzotan aritu ziren Muruetako ordezkariak. A multzoan laugarren egin zuten, Ñapurrak taldeagaz berdinduta, eta B multzoan, ostera, hirugarren sailkatu ziren.
Argazkia: Murueta Sokatira Kirol Kluba.
A multzoko onena Amaiur taldea izan zen, eta B multzoan Ñapurrak nagusitu ziren.
Lurrama Sokatira lehiaketa
Bestalde, aurreko asteburuan Lurrama Sokatira lehiaketan aritu ziren Biarritzen (Lapurdi). Bederatzi taldek parte hartu zuten, eta proba “oso gogorra” izan zela diote Muruetako ordezkariek: “Maila altua izango zela aurreratu genuen eta halaxe izan zen”.
Denen artean Monickendamm talde holandarra gailendu zen. Hain zuzen, horiek Ñapurrak taldeagaz jokatu zuten finala. Bi talde horiekaz batera, kanporaketa gaindituta Ibarrak eta Abadiñok lortu zuten finalaurrekoeta sailkatzea.