Bartzelonako Pontas Literatur Agentziak Kirmen Uribe fitxatu du
Literatur agentziak kudeatuko ditu aurrerantzean Uriberen liburuen nazioarteko eskubideak. Euskaraz idazten duen lehen fitxaketa da ondarrutarraPontas nazioarteko Agentzia Literarioagaz hitzarmena sinatu du Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak. Hartara, l...
Literatur agentziak kudeatuko ditu aurrerantzean Uriberen liburuen nazioarteko eskubideak. Euskaraz idazten duen lehen fitxaketa da ondarrutarra
Pontas nazioarteko Agentzia Literarioagaz hitzarmena sinatu du Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak. Hartara, literatur agentziak kudeatuko ditu aurrerantzean Uriberen liburuen nazioarteko eskubideak. «Gure helburu nagusia Kirmeni bere karrera literarioa nazioarte mailan sendotzen laguntzea da. Ohore handia da guretzat bera moduko idazle bat ordezkatzeko aukeratuak izatea», azaldu du Anna Soler-Pont agentziako sortzaile eta zuzendariak.Domekan Ondarroan sinatu zuten hitzarmena Anna Soler-Pont agentziako buruak eta Kirmen Uribek berak. Hain zuzen ere, Soler-Pont-ek luzarotik lotura estua du Ondarroagaz, eta pozik egon zen herrian bueltan. «Euskara ikasten aritu nintzenean, Ondarroan egin nuen egonaldia, eta bertan hainbat lagun ditut».
Mundu osoko autoreak
1992an sortutako literatur agentziak mundu osoko hainbat autore bultzatzen ditu nazioarte mailan; horien artean da, esate baterako, Dolores Redondo Baztango trilogiaren idazle donostiarra. Agentziak berak iragarri duenez, euskaraz idazten duen lehen fitxaketa da Uribe. «Bere lehenbiziko bi nobelak oso gustuko izan ditugu, eta orain momentuan idazten ari den hirugarren lana irakurtzeko irrikitan gaude».
Pontas Agentziako Marina Penalva eta Marc de Gouvernain ordezkariek Goteburg-eko (Suedia) Liburu Azokan ezagutu zuten idazle ondarrutarra, 2015eko irailean. Ordutik aurrera, agentziak harreman estua izan du Uriberekin.