Bidean proiektua aurkeztuko du gaur, Miren Pastor lekeitiarrak
Donostiako Tabakalerako Lantoki gunean egingo du aurkezpena. Proiektuak aurrerapausu bat gertatzear dagoela adierazten duela azaldu du artistakEskuartean darabilen Bidean proiektuaren berri emango du gaur, Donostiako Tabakalerako Lantoki gunean Miren P...
Donostiako Tabakalerako Lantoki gunean egingo du aurkezpena. Proiektuak aurrerapausu bat gertatzear dagoela adierazten duela azaldu du artistak
Eskuartean darabilen Bidean proiektuaren berri emango du gaur, Donostiako Tabakalerako Lantoki gunean Miren Pastor artista lekeitiarrak. Proiektuak aurrerapausu bat gertatzear dagoela adierazten duela dio. «Nerabezaroko transformazio bidaia hasita, aldaketa prozesuak etengabe errepikatzen dira bizitzan zehar, naturako ziklo ezegonkorrak bezala. Bidean, bizirik dagoen ibai proiektu bat bilakatu da, eta gazte hauek hazten doazen heinean bizirik jarraituko du pertsonaien eta ingurugiroaren aldakuntzen arteko erlazioa sinbolizatuz eta bere izaera eraikiz».2014an argitaratu zuen bere lehen argazki liburua Pastorrek, eta 2015ean bigarrena. Lekeitiarrak autopublikatutako bi argazki liburuak Bidean proiektuaren ardatz nagusi bilakatu dira. Eta bi argitalpen horiek funtzio bikoitza dute: argazki liburu bezala eta erakusketa errekurtso gisa. Liburu bakoitzean ingurugiroaren eta pertsonaien berezitasunek etapa berri bat iritsi dela aditzera ematen dute, Ivan del Rey de la Torre arte kritikoaren testu metaforikoekin lagunduta. «Argazki munduan oinarritzen den proiektua da nirea. Dena dela, zabalik dagoen proiektu bat da. Bi liburu argitaratu ditut eta hirugarrenagaz nabil orain», dio. Izan ere, hirugarren liburuagaz burubelarri dabil orain Pastor, «Nafarroako sormen beka bati esker».
Azaroan aurkeztuko du bere hirugarren laneko materiala lekeitiarrak, baina, 2017an Donostiako Acuariumean egingo duen aurkezpenean horren emaitza ezagutzera emango du. «Azaroan materiala aurkeztuko dut. Baina gero, material hori liburu baten islatzeko, urte beteko epea behar da. Beraz, 2017an izango da aurkezpena».
Azkenaldian argazki liburuek arrakasta eduki dutela dio lekeitiarrak, eta oso gaitza dela galeria batzuetan norbere lana erakustea. «Eta argazki liburuak norbere lana ezagutara emateko bide bat dira. Azken finean, norbere lana ezagutara ematea da zailena».
Bookjockey
Lekeitiarra Madrilen bizi bada ere, egunotan Euskal Herrian dago. Alde batetik Donostiako Tabakaleran proiektua aurkezteko eta bestetik, bihar, Durangoko udal liburutegian Bookjockey saioa eskaintzeko. «Funtsean, Bookjockey gela baten egiten den narrazio antzeko ekintza bat da, DJ saio baten antzekoa, baina musikaren ordez argazki liburuak erakusten eta nahasten dira istorio berri bat sortuz. Irudien arteko dialogoa sortzen da eta istoria bat kontatzen da».
Saio horietan, ikusleak argazki liburuak sentitzera eta saioarekin gozatzera gonbidatzen ditu. «Nik nire proiektua ezagutara emateko egin nuen Bookjockey saio bat, Oñatin egin zen argazki jaialdi batean. Formatua asko gustatu zitzaien eta orain Durangon egiteko eskatu didate». Durangon, baina, beste egile batzuen lanekin egingo du.