'Kanta txikien indarra' aurkeztu du goizean Josu Bergarak Bilbon
Bere berbetan, melodien “pisua eta freskotasuna” igartzen dira lan berrian, eta estilo aldetik, haren esentziari uko egin barik, “pop disdiratsua eta swing moduko erritmoak” ere landu dituela azaldu du.
Diskoa sortzerakoan eta grabatzerakoan kolaborazio ugari izan ditu kantautoreak: Mikel Markez bakarlariak, Gaizka Peñafiel trikitilariak, Maria Riverok (Siroka, Hutsa) eta Ane Martinezek (Zango) abeslaria eta Izaskun Canga ukelele jotzaileak zuzeneko grabaketan parte hartu zuten ekainean.
Halaber, Hasier Rekondo idazleak Kosmos bera kantua idatzi du eta Bego Andrés Urresti da Fandangoaren hotsa abestiko letraren egilea. Gainera, Udane Goikoetxea kazetariak diskoaren hitzaurrea sinatu du, Jakin gura neuke olerkiagaz, eta Sara Prieto ilustratzaileak landu ditu irudiak.
Bestalde, diskoaren konposizio eta moldaketaz Nerea Alberdi biolinjole bilbotarra arduratu da eta Mikel Nuñez Lauzirika durangarrak piano moldaketak egin ditu. Txema Arana baterian, Dani Gonzalez baxuan, eta Natalia Wang, Ariadna Villate eta Claudia Díez (biolina, biola eta txeloa) hari-tresnetan aritu dira.
Aurkezpen kontzertua Busturian
Hilaren 15ean Busturiako kultur etxean emango du diskoa aurkezteko lehen kontzertua. Hilaren 20an, berriz, Jatabeko kultur etxean aurkeztuko du. Bi emanaldi horietan Mikel Nuñez eta Nerea Alberdigaz batera ariko da, hirukote formatuan. Era berean, Durangoko azokan ere izango da abenduaren 8an, Ahotsenean. Gainera, datorren urtean Kataluniara, Valentziara (Herrialde Katalanak) eta Madrilera (Espainia) joango da diskoa aurkeztera.