Atzo iluntzean jendez bete zen Eako plaza Jabier Salutregi Mentxakari harrera egiteko. Goizean geratu zen aske, eta Burgosko (Espainia) espetxearen atarian zain zituen Euskal Herritik joandako senide eta lagun asko. Tartean ziren Egin egunkariako haren lankideak ere.
18/98 sumarioan auzipetu eta zigortu zuten Eako bizilaguna. 1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzonek, orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zenak,
Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua, eta handik zazpi urtera hasi zen 18/98 makrosumarioaren kontrako epaiketa, 2005eko azaroan. 2009an emandako epaian, 38 lagun zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak; tartean, Jabier Salutregi.
Egin egunkariko zuzendaria zen Jabier Salutregi 1998an, Garzonen aginduz egunkaria eta irratia itxi zutenean. Auzipetu eta 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuten lehenengoz. Espainiako poliziak atzeman zuen, Donostian. Epaileak hamabi urteko zigorra jarri zion, baina 6.000 euroko bermea ordainduta aske utzi zuten 2008an, osasun arazoengatik.
Hala ere, Auzitegi Gorenak epaia eman ostean kartzelan sartu zuten berriro, eta azken zazpi urte eta erdiak preso eman ditu.