Jaialdira hurbildutako bi lagun, iaz
Amerikako Estatu Batuetan (AEB) ospatzen den Halloween jaia ospatzeko aukera izango dute beste behin ere bermeotarrek, Spookypheria Productions kultur elkarteak Halloween Metal Fest jaialdia antolatu baitu zapaturako. Beste urte batez, berritasunekin dator jaialdia. Izan ere, lehenengo kontzertua Kafe Antzokiko kanpoaldera aterako dute. Bertaratutakoek, hortaz, Ian Masonen kontzertuaz gozatu ahalko dute 20:00etan; antolatzaileen arabera, “ikusgarria” izango da.
Spookypheriakoek azaldutakoaren arabera, “Kafe Antzokiko ateak ireki bitartean, zain dagoen jendea ez aspertzeko hartutako erabakia izan da. Gehienetan, ordutegi aldetik atzeratu egiten gara eta zerbait egin behar genuela pentsatzen hasi ginen iaz”. Urteekin, gauzak ikasten doazela diote. Iaz, esaterako, kontzertu osteko jaialdi bat antolatzen hasi ziren: “Kontzertuak amaitu ostean, jendeak jai giroan jarraitu gura du, hala ere, Bermeon ez dago metal musikaz disfrutatzeko lekurik. Hortaz, guk geuk disko jartzaile baten bitartez ematen dugu aukera hori”. Aurten ere, ildo beretik jarraituta, 02:45etik aurrera, DJ Jarros izango da Kafe Antzokian musika jartzen.
Kaleko kontzertuaren ostean, 20:30ean irekiko dituzte Kafe Antzokiko ateak. Lehenik eta behin, musika bideo emanaldiekin hasiko dira,
videojukebox-ekin, hain zuzen ere. Spookypheria Productions kultur elkarteko kideak eta horien zenbait lagunek gustoko dituzten bideo emanaldiak jartzen dituzte tarte horretan. Horiek grabatzerako orduan sortzen diren toma faltsuak ere ez dira falta izango, “bertaratutakoak horien zain egoten dira”.
21:45ean igoko da agertokiara Quaor taldea, 22:50ean Childrain, 23:55ean [In Mute] eta 01:15ean Killus. Metal genero desberdinak nahasten saiatzen da urtero Spookypheria Productions elkartea.
Mozorrotzeko deia
Halloween jaian girotzea da antolatzaileen helburua, hortaz, bertaratzen direnei mozorrotuta hurbiltzeko deia luzatzen die. Urtero modura, mozorro onenak saria jasoko duela jakinarazi dute, eta jaialdiaren baitan zenbait zozketa ere egingo dituzte. Aurtengo taldeen materiala zozkatuko dute, hain zuzen ere.
Halloween Metal Fest jaialdirako sarrerak hainbat tokitan aurki daitezke: Bermeon, Luma liburudendan eta Kafe Antzokian; Gernika-Lumon, Ospa eta Zarata Rock Kafe tabernetan; Mungian Herriko tabernan; eta Bilbon, Arisen. Interneten ere badaude salgai;
www.musikaze.com-en, eta
www.ticketea.com-en. Aurretiaz erosita, sarrerek zazpi euro balio dituzte. Egun berean, leihatilan erosten duten horiek, berriz, hamar euro ordaindu beharko dituzte.
Antolatzaileen arabera, urteekin eskaintza hobetzen joan dira, “zaila da horrelako kartel bat errepikatzea Bermeon”. Beraz, Halloween Metal Fest jaialdia ez galtzeko deia egiten dute.
Aurten, beste behin ere, HITZA egunkariak Halloween Metal Fest jaialdira doan joateko aukera emango die lau laguni; izan ere, harpidedunen artean bi lagunentzako bina sarrera zozkatzen ari da asteon.