Kapillako lanak
Nuntxaku Kultur Elkarteak jakinarazi gura izan du urrirako aurreikusita zituzten ekimenak bertan behera utzi behar izan dituztela, Bermeoko Udalak Kapillako larrialdiko irteerak jartzeko lanak oraindik ez dituelako amaitu. Azaroan, hala ere, martxan jarriko dira.
Antzinako Jose Done ikastetxeko Kapillan batzen da Nuntxaku Kultur Elkartea, eurak arduratzen dira lokalaren kudeaketaz, Bermeoko Udalagaz sinatutako hitzarmen baten ondorioz. Udalak larrialdi irteerak jartzeko lanak egin behar izan dituela diote elkarteko kideek, uda sasoian, elkarteak bere jarduna geldik izan duen bitartean.
«Udan lanak amaitu ez, eta beste hilabete batez luzatu behar izan dugu lanak amaitzeko epea», diote Nuntxakuko elkarteko kideek, «eta oraindik ere, ateak ipini barik daude».
Urriko egitaraua bertan behera utzi behar izan badute ere, «Bermeoko Udaleko hirigintza sailak duen kudeaketarako gaitasun eza ikusita», eta nahiz eta lanak amaitu barik egon, azaroko programazioarekin jarraitzeko erabakia hartu dutela diote Nuntxakukoek.