Eragile ezberdinen inplikazioarekin antolatu dute aurten Astelehentxutxu, eta egunari bultzada ematea lortu dute gazteek. 900 lagun inguru batu ziren zapatuan, merkatu plazan, bazkaltzeko.
Neska kuadrilla bat, paella prestatzen
Urtean zehar ere, endredatzen jarraitzeko milaka aukera badaudelako, antolatzen jarraitzeko deia egin dute Astelehentxutxu antolatzen ibili diren herriko eragileek. Gazte Asanblada, Ikasle Asanblada, Ernai eta Asunek talde feminista batu dira aurten gazteen arteko harremanak sendotzea helburu duen eguna antolatzeko. Balorazio ona egin dute, jendearen erantzuna oso ona izan delako. Giro ederrean joan zen zapatuko eguna, eta elkarlana nabarmendu dute antolatzaileek.
Paella txapelketara hainbat kazola aurkeztu zituzten, eta aurtengo gaiak arrakasta izan du, gainera. Astraren 10. urteurrena irudikatuz apaindu zuten askok lehiaketara aurkeztutako arroza. Ostean, 900 lagun inguru izan ziren Merkatu plazan, bazkaltzen.
Arratsaldeko olinpiadetan ere gazte askok parte hartu zuten, 70 inguruk. Ostean, Astrako Tukatukada batukadak eta elektrotxarangak girotu zituzten herriko kaleak. Azaldu dutenez, herriko gazteen ekimenei bultzada emateko modua ere bada Astelehentxutxu bezalako egun batean parte hartzeko aukera ematea.
Astelehentxutxu amaituta, lanean jarraitzeko gonbidapena egin diete antolatzaileek Gernika-Lumoko gazteei; herriko eragile desberdinetan urtean zehar antolatzeko aukera badutelako.